“Sakana Guztion Artean” Plan Estrategikoa abiatu dute Mankomunitateak, udalek eta Sakanako eragileek

urria 10, 2019

  • Etorkizuneko Sakana irudikatu eta eraikitzeko prozesu zabala egingo da herritar eta eragileekin batera.
  •  Urriaren 17tik aurrera bilera irekiak eta sektorez sektorekoak egingo dira, Sakanaren diagnosia eta behar nagusiak finkatzeko.
  •  Mankomunitateko lehendakaria den David Orozek parte hartzeko deia egin die herritar eta eragileei: “Gure etorkizunaz ari gara, eta guztion beharra dugu etorkizun hori irudikatu eta errealitate egiteko.”

Bukatu dira Sakanako Mankomunitatearen barruan “Sakana Guztion Artean” Plan Estrategikoaren prestaketak. Orain, Udal, eragile eta herritarrekin batera, Plan hori diseinatzeko ordua da. Horretarako, etorkizuneko Sakana irudikatu eta dauden lehentasunak mahai gainean jarriko dituzte parte hartzaileek. Prozesu zabal eta ireki baten bidez egingo dugu hori, eta ekimenak duen garrantziaren adierazle da Lakuntzan egitasmoa aurkeztera etorri den ordezkaritza zabala: Mankomunitateko kideekin batera, Udaletako ordezkariak, nahiz eragile eta herritarrek eman diote hasiera publikoa “Sakana Guztion Artean” Plan Estrategikoari.

Orain sei urte, Sakanak 2020 urte arteko bideorria adostu zuen. Orain, 2025 urtera arteko lehentasunak finkatzea egokitzen da.

Hori guztia egin ahal izateko, beharrezkoa izango da guztien parte hartzea, David Orozek gaurko agerraldian adierazi duenez: “Sakanaren etorkizunaz ari garenean, bertan bizi garen eta bizi nahi dugunon etorkizunaz ari gara. Sakanak dituen aukeretan sinisten dugu. Horregatik gero eta gehiagok parte hartu orduan eta hobeto baliatuko ditugu aukera  eta eraginkorragoak izango gara ditugun erronkei aurre egiteko. Guztiok gara beharrezkoak. Horregatik da garrantzitsua, Mankomunitatearekin eta udalekin batera, herritar eta eragileek ere parte hartzea”.

Bilkuren egutegi zabala:

Bide horretan, ekarpenak egiteko hainbat aukera eta espazio irekiko dira. Web orrialdearen bidez nahiz e-posta bidez egin ahal izango dira ekarpenak.  Aldi berean, bilkura egutegi zabala egingo da. Mankomunitateak egutegi hau proposatu du:

Urriak 17, osteguna (18:00-20:30) Udal eta eragileekin 1. saioa Lakuntzako kultur etxean.

Urriak 22, asteartea (18:00-20:30) Udal eta eragileekin 2. saioa Lakuntzako kultur etxean.

Urriak 23, asteazkena (18:00-20:30): Herritarren 1. saioa Altsasun Iortian.

Urriak 24, osteguna (18:00-20:30): Herritarren 2. saioa Irurtzunen kultur etxean.

Sakanako Mankomunitatea: sakandarren eskuetan hazten joan den tresna

Duela ia 35 urte eratu zen Sakanako Mankomunitatea, Sakana osatzen duten udalerrien erabakiz. Ordutik hona ibilbide luzea eta oparoa egin du. Zerbitzuen kudeaketatik abiatu zenak, orain, Sakanarentzat garrantzitsu diren hainbat eremu lantzen ditu: Euskara, Berdintasuna, Aniztasuna, Kirola, Ingurumena, eta, Garapen Agentziaren bidez, Energia, Turismoa, Elikadura, Industria edo Komertzioa bezalako eremuak.

David Oroz presidenteak gogora ekarri duenez, “aspaldi Sakanak erabaki zuen, gure erronkei aurre egiteko, ez ginela inoren zain geratuko. Krisi garaietan, gure erantzuna gure bidea eraikitzea izan zen. Aurrera begira ere horixe da proposatzen duguna. Sakana bizia eta anitza da.Gero eta elkartuago aritu, orduan eta eraginkorragoak izango gara aurrera begira ere”.

Sakana Guztion Artean” Plan Estrategikoa, Sakanako Garapen Agentziaren “Bizi eta Lan. 2020 +” Plan Estrategikoaren jarraian dator. Bertan, Garapen Agentziaren helburuak eguneratu dira, besteak beste, Dinabide gisako proiektu eraldatzaileekin. https://www.sakanagaratzen.com/eu/2020-plan-estrategikoa

Honela mintzatu da David Oroz Sakanan abian diren proiektuen gainean: “Kohesioa da klabea. Ulertu behar dugu abian ditugun ekimen guztiek norabide bera dutela, elkarren osagarri direla eta guztiek indartzen gaituztela. Mankomunitatearen aldetik, proiektu hauekin guztiekin batera, lanketa berezia egingo du herritarrekin dugun komunikazioa lantzeko, bi norabidetan: herritarrei informazioa helarazten jarraitzeko eta haiei komunikazio espazio berriak eskaintzeko”.

 


<< atzera