Irailaren 25ean aurkeztu ziren Sakanako Mankomunitatearen egoitzan eskualdearen potentzial eoliko eta hidroelektrikoaren inguruan egin diren azterketa lanak. Azterketak, EHU eta Udalbiltzarekin elkarlanean burutu dira Sakanako Garapen Agentziaren energia arloko sentsibilizazio kanpainaren baitan. Amaia Araizek eta Xabier Larramendik buru dute lana praktiketako programa baten bidez.
Sakanako haizeen azterketa
Kostaldeko haize hezeak eta Lizarraldeko haizeak batzen dira Sakanan. Burundara haizea ipar-mendebaldetik sartzen da boladaka eta abiadura gutxian, Beriainekin topatu eta bitan banatzen da, Ergoiena aldera inbutu efektua eginez sartzen da konstanteago mantenduz eta abiadura handitzen. Bestalde, Arakil aldera jotzen du Txurregi-Gaztelu aldean oso aprobetxagarriak izan daitezken haizeak sortuz.
Hiru gune aztertu dira zehazki: Aralarko San Miguel punta, abiadura handiko eta konstante mantentzen diren haizeak dituena, eta bestalde Mankomunitateak dituen bi kontsumo elektriko puntu, Urdalurreko ur-ponpaketa gunea eta Arbizuko zabortegia. Bi puntu hauetan 20 KW-ko aerosorgailu batek urteko kontsumoaren 50% baino gehiago sortuko luke eta egin beharreko inbertsioa 6-7 urtetan berreskuratuko litzateke.
Sakanako zentral hidroelektrikoak
Arakil ibaian zehar geldirik dauden 12 zentraletatik, aztertu beharra dago zeintzuk diren errentagarri, egin beharreko inbertsioa eta zentralek duten ur-emari kontzesioek eman dezaketen potentziaren araberakoa baita hori.
Zehazki bi gune aztertu dira. Errotain Urdaingo errotaren kasua, non potentzia 9, 7 kW-koa den eta aprobetxamendua bertako kontsumo elektrikora eta termikora bideratu daitekeen. Eta Etxarri Aranatz-eko Beheko errotaren kasua, non potentzia oso handia den, 37 kW-koa, eta honek mikro-sare proiektu bat eratzeko aukera ematen duen kontsumo puntu desberdinak batuko luketen kooperatiba baten sorrera bidez.
Horrenbestez, Sakanak dituen baliabide berriztagarri batzuk erabiltzea bideragarria suertatzen da, horregatik, Udalei, biztanleei eta enpresei eredu energetiko iraunkorra bultzatuko duten proiektu desberdinak aurrera eramateko eskua luzatu zaie Garapen Agentziatik.