Abian dira II. Sakana Sariak, Sakanaren aldeko ekimenak saritzeko

urria 25, 2021

Sakanako Behatoki Sozioekonomikoak iaz eman zien hasiera Sakana Sariei. Iazko edizioan, SakanaMaker eta Sakanako jostunak izan ziren sarituak, Komunitateari egindako ekarpen oparoagatik. David Oroz Sakanako Mankomunitateko Lehendakariak adierazi duenez, “Sakana Sarien helburua eta abiapuntua gure eskualdean egiten den lanari aitortza egitea da. Sakanak baditu hainbat bereizgarri, eta horietan nagusia, sakandarrak dira: sakandarren ekimena, sakandarren antolakuntza gaitasuna, sakandarren lana. Hori da Behatokiak saritu nahi duena. Eta, hori, nola ez, sakandarren partehartzearekin egin nahi dugu, iaz bezala”.

Sakana Sarien balioak eta helburuak

Sakanako Garapen Agentziak “Sakana bizi, elkartu eta anitza” lantzeko hainbat eragile elkartu ditu azken urteotan. Bide horri tiraka eta Sakanako balioak oinarri hartuta, Sakana Sarien bigarren edizio honetan ere aitortza egingo zaie eragin sozial, ingurumeneko edo ekonomiko positiboa izan duten erakunde edo ekimen kolektiboei, irabazi asmoa izan edo ez. Horretarako, ondorengo baloreak bereziki kontuan hartuko dira:

  • Dinamismoa eta erresilientzia-gaitasuna oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
  • Aniztasuna aberastasun kolektibo gisa ikusia
  • Elkartasuna eta onura komuna bilatzea komunitatearen beharrak lehenetsiz. Horretarako funtsezko elementuak dira komunitatearen lana (auzolana)    eta herri-ondasunak (komunala)

Sakandarrak, ekimen sarituak hautatzeko protagonista

Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango ditu: alde batetik, Sakana sari nagusiaz gain, aurkeztuko diren ekimen guztien artean herri-bozketa egingo da eta ekimen bozkatuenak aipamen berezia jasoko du. Gainera, Sakana Sarietarako proposamenak egiteko aukera izango dute sakandarrek. Horretarako, helbide honetan https://www.sakanagaratzen.com/eu/sakana-sariak dagoen galdetegian izanen da aukera, urriaren 21etik azaroaren 8ra. Jasotako ekimen guztien artean epaimahaikideek ekimen bat aukeratuko dute Sakana saria jasotzeko, eta herri-bozketa bidez aipamen berezia jasoko du beste ekimen batek. Azaroaren 3tik aurrera, proposamenak argitaratuko dira, eta bozketa publikoa abiatuko da. Sari banaketa, iaz ez bezala, irekia izanen da, eta azaroaren 18an eginen dute Lakuntzako Kultur Etxean.

Epaimahaia

Sakana Sarien epaimahaia Behatoki Sozioekonomikoko eragileen ordezkaritza batek osatuko du eta ekimen sarituaren aukeraketa epaimahai horrek berak egingo du. Hauek osatuko dute epaimahaia:

Sakanako tokiko administrazioak (4 ordezkari); Bierrik Fundazioa (ordezkari 1); Sakanako Enpresarien Elkartea (ordezkari 1); Bidelagun turismo elkartea (ordezkari 1); Belardi, Sakanako ekoizleen elkartea (ordezkari 1); Sakanako dendari eta ostalarien elkartea (ordezkari 1).


<< atzera