Altsasuko Udala eta Sakanako Mankomunitatearen arteko akordioa gaikako bilketaren inguruan

July 5, 2016

Sakanan atez ateko bilketa sistemak %78ko gaikako hondakin bilketa datua uzten du hilero. Datu honetara gerturatu asmoz, Altsasuko Udalak 5. edukiontzia eta auzo eta autokonposta guneak jarriko ditu.

Hondakin bilketaren eskumena Mankomunitatearena da Sakanan, eta Mankomunitatean uste dugu, gaikako hondakin bilketako emaitza onenak ematen dituen sistema atez atekoa dela baina eskualdeko gainontzeko herrietan bezalaxe, Altsasuko Udalak hartu duen erabakia errespetatzen du Mankomunitateak. Udalak uste du urte baten buruan desio dituen datuak jasoko dituela.

Hori dela eta, gaur 2016ko uztailaren 5ean sinatu da “ALTSASUKO UDALA ETA SAKANAKO MANKOMUNITATEAREN ARTEKO AKORDIOA GAIKAKO BILKETAREN INGURUAN”. Bertan, Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak, egun herriak duen gaikako bilketaren datua ikusita, 2017ko abenduaren 31an hondakinen %65 gaika biltzeko helburua finkatu dute. Era berean, hiri hondakinen bilketaren eta trataeraren entitate arduradun gisa, datozen sei hilabete hauetan informazio kanpaina hasiko du Mankomunitateak hiru gai hauen inguruan: bilketa selektiboa orokorrean, auzo eta auto konposta, eta edukiontzi marroian bilduko den hondakin organikoaren inguruan. Azken helburua herritarrak borondatez bilketa selektiboan parte hartzeko izen ematea izango du herriaren bilketa tasa nabarmen hobetu dadin.

Helburuak betetzeko, ekintza hauek garatuko dira:
1. Prozedura azaltzen duen gutunaren bidalketa.
2. Tokiko eta herrialdeko komunikabideetara bidalitako oharrak eta albisteak.
3. Bilera parte-hartzaileak. Guztira lau bilera eginen dira (egun eta ordu desberdinetan herritar  guztiek joateko aukera izan dezaten)  bertan, sistema berria azalduko da modu orokor batean, aldaketaren zergatiak eta onurak azalduko dira, bizilagunen iritzi eta iradokizunak entzun eta kontuan hartuko dira…
4. Informazio bulegoaren irekiera.
5. Bilketa guneen esposizio publikoa. Panelak jarriko dira interesguneetan (Informazio bulegoa, udala, kultur etxea…).
6. Material banaketa: pertza, gida, hiztegia, giltza.
7. Sistema berria ezarriko da.
8. Emaitzak azaltzen dituen gutuna helaraziko da.

Akordioa Mank_Altsasu 006

Javier Ollo, Altsasuko alkatea eta Aitor Karasatorre, Mankomunitateko lehendakaria akordioa sinatzen.

Sare sozialetara gehitu


<< atzera