Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Artile bilketa maiatzaren 10, 11 eta 12an egingo da

Iazko artile bilketa arrakastatsuan 24 tona artile bildu ondoren, aurten ere Sakanako artile bilketa modu antolatuan egiteko lanetan dabil Sakanako Mankomunitatea. Honela, Sakanako artzainek artilea eraman ahal izango dute Arbizuko Transferentzia Gunera. Beraz, artilea prest dutenek maiatzaren 10, 11 eta 12an goizeko 7:30etik 14:00etara Arbizuko Hondakin kudeaketa Gunera ekartzeko aukera izango dute. Artilea sakatan sartu gabe ekartzea gomendatzen du Mankomunitateak. Bestela, zakutan edo sakatan ekarriz gero, deskargatzerakoan granelean utzi beharko dute. Ekarritako kantitatea Arbizuko Transferentzia Gunean dagoen baskulan pisatuko da eta horren arabera ordainaraziko da, Artaxoako Konpost Plantako tasari aurre egiteko, hara eramango baita egituratzaile bezala erabilita konpost bilakatzeko. Prozesu honekin, hondakina lehengai bilakatzen lagundu nahi du Mankomunitateak, ekonomia zirkularra sustatuz, ardien ilea ongarri bihurtuta. Izan ere, artileak garai batean erabilera asko bazituen ere, gaur egun artzain askok ez diote irtenbiderik bilatzen eta gaizki pilatu, lurperatu edota erre egiten dute. Aurten ere, beraz, artzainek badute aukera arazo bihurtu den hondakin honi irtenbide egokia emateko.

Hondakin Zerbitzuko teknikariek jakinarazi dute, iaz bezala, Sakanako Mankomunitateko Hiri Hondakin Zerbitzuko hezitzaileak kontaktuan jarri direla bailarako artzain guztiekin ardiak noiz moztuko dituzten jakiteko. Erantzunen ebaluaketa bat egin ondoren erabaki dute aurten bilketa data desberdinak ezartzea. Maiatzeko lehen bilketa honi ekaina-uztaila aldera egingo den beste bilketa batek emango dio segida. Ez dute baztertu gerora ere beste bilketaren bat antolatzea.

Era berean, Mankomunitateak azaldu du silo plastikoa Arbizura ekarri daitekeela noiznahi. Prozedura berdina izaten da: Transferentzia Guneko baskulan pisatu egiten da eta pisuaren araberako tasa bat ordaindu behar da garraioa eta bere kudeaketa ordaindu ahal izateko.

Zerbitzu hauen guztien berri jakiteko,  900 730 450 doako telefonora dei daitekeela ere gogorarazi dute.