Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Etxepare Saria: Comisoren Katiuskak

ETXEPARE SARIA HAURRENDAKO ALBUMAK SORTZEKO

2018ko ekainaren 14an iragarri zen 2018ko Etxepare sariaren irabazlea Cordovillako El Centro kulturagunean. Ana Ibañezek eta Dani Martirenak eskuratu zuten saria, COSIMOREN KATIUSKAK obrarekin, lehiaketan parte hartu zuten 19 lanen artetik; eta, orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du.

Cosimo eta parke txiki bat dira protagonistak, Cosimok zuhaitz batean eraiki du etxola, eta hortik inguruari erreparatzen dio. Egileek Italo Calvinoren Il barone rampante liburu ezagunaren erreferentzia erabili eta gaurkotu dute, Cosimo haurrari baliabide berriak eman dizkiote eta, gizartean kokatuz, edertasunaren aldarrikapena zabaldu dute.

Aurtengo edizioan, epaimahaikide aritu dira Etxepare sarian Leire Bilbao, Leire Salaberria eta Asun Agiriano. Besteak beste, honakoak azpimarratu zituzten obra honi buruz:

“Gogoetarako kontakizuna ere bada gaur saritzen ari garen obra hau, testuak poesia du, umorea eta jolasa: hitzekin jolasten du idazleak, irudiekin marrazkilariak. Biek album ilustratu baten ezaugarri nagusiak bikain erakusten dute, hau da, irakurlea adi egotearena eta heldu baten konpainia ezinbestekoa izatearena, xehetasun guztiak harrapatzea nahi baditugu.

 COSIMOREN KATIUSKAK liburu indartsua da bai testuan baita ilustrazioan ere, aberatsak dira bi lengoaiak. Teknikoki ausarta, guztiak du zeresana, eta horregatik eskaintzen du irakurketa ugari; arriskatzen duen obra bat da, euskal idazle eta ilustratzaileen maila ondo baino hobeto erakusten duena”.

EGILEAK
Iruñeko Udalak, Etxepare saria programan barne, antolatzen duen Biko-Teka topaketetan hartu dute parte saridun biek; batak idazle moduan (Dani Martirena) eta besteak ilustratzaile lanetan (Ana Ibañez).

Ana Ibañez Elosua, Iruñan jaioa, Arte Ederretan lizentziatua eskultura alorretik. Halaber, grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen Iruñeko Arte Eskolan.
Hainbat taldekako erakusketetan parte hartu du, hala nola norbanakoetan. Zizur Nagusiko Kultura Etxean, Biguina eta beroa (2004), Koloreak eta hariak Gayarre Antzokian (2003) edo Haragi barruko lorategiak Molmar arte galerian (2002) dira banaka egindako erakusgaien adierazgarri.
Sariak eta bekak ere jaso izan ditu. Kasurako, eskulturako 2. saria eta pinturako 3. saria Iruñeko Gazte Sarien XIV. deialdian.
Auto-ekoizpenaren bidetik, Dani Martirenarekin batera, Hankaz gora du amak mundua eta Jonek Jone izan nahi du liburuetarako ilustrazioak egin ditu.

Dani Martirena Indart, Legasan jaioa, kazetaria ogibidez, azken urteotan Euskal Irrati Telebistako albistegietan erredaktore bezala lan egiten du.
Literaturari dagokionez, han eta hemengo lehiaketetan saritu izan dituzte bere idazlanak. Tartean, Basauriko Euskarabila elkarteak urtetan antolatu izan duen ipuin erotikoen lehiaketan; eta Txalaparta argitaletxeak lan sarituekin argitara emandako liburu bildumetan irakurri daitezkeenak: Bero Hezeak (2001), Esku Hori (2012).
Iruñeko Udalak egile berrientzat antolatzen duen literatura lehiaketan ere nabarmendu dituzte bere lanak. Kasurako, lehen saria jaso zuen 2015. urtean Astearte hark arrunta behar zuen narrazio laburrarekin.
Nafarroan euskaraz idazten duten egileekin Pamiela argitaletxeak 39 idazle nafar izenburupeko argitalpenean ere parte hartu du, Listu balak idazlanarekin (2017).
Haurrentzako literaturari begira, auto-ekoizpenaren bidetik bi liburu argitaratu ditu Ana Ibañezekin batera: Hankaz gora du amak mundua (Liburu Iletsuak, 2015), Jonek Jone izan nahi du (Liburu Iletsuak, 2017).

ETXEPARE SARIA haurrentzako albumak sortzeko 2019
1. Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira sari honetara. Album ilustratu bezala ulertzen dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak.
2. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Ez da onartuko beste inondik moldatutako lanik, ezta aurretik saririk jaso duenik ere.
3. Lehiaketan honela parte hartu daiteke: bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean. Egileek nahi beste lan aurkez ditzakete.
4. Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm x 21cm baino txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte (bakarrik kontuan hartuko dira barneko orrialdeak). Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne).
5. Sari hau azken lau deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta arestian aipatutako baldintzak bete.
6. Lehiaketan parte hartzen duten egileek albumaren maketa aurkeztu beharko dute, hau da, azken bertsioa inprimatuta, bukatutako albumean agertuko liratekeen testu zein ilustrazioekin. Ez da maketa koadernatu beharrik, nahikoa da maketa modu xume batez jostearekin (grapekin, uztaiekin, espiralarekin e. a.). Horretaz gain, maketaren kopia bat bidali beharko dute: pdf formatuan, lan osoa fitxategi bakarrean. Kopia pendrive batean entregatuko dute (aholkatzen da fitxategiek ez izatea 10 mega baino gehiago). Albumaren testua ere aurkeztu beharko dute, Word formatuan (pendrivean sartu beharko dute). Egileek nahi badute, irudi originalak bidal ditzakete epaimahaikideek jatorrizko lana ikus dezaten.
7. Lanak izengoitiaz izenpeturik egongo dira. Lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztuko da, kanpoko aldean lanaren titulua eta egilearen goitizena izango dituena eta barruan egilea edo egileen datuak: izen-abizenak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, NANaren edota pasaportearen fotokopia eta egilearen aipamen bio-bibliografikoa.
8. Lanak helbide honetara bidaliko dira: ETXEPARE SARIA, Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880 Leitza (Nafarroa).
9. Originalak aurkezteko epea 2019ko maiatzaren 17an, ostiralean, itxiko da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna 2019ko ekainaren 28a izanen da.
10. Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Udal eta mankomunitate antolatzaileetako teknikari batek idazkari lanak eginen ditu (hitza izanen du, baina ez botorik). Pamielak izendatutako pertsonak egon daitezke epaimahaiak egiten dituen bilkuretan (hitza izanen dute, baina ez botorik). Ez da saririk emanen epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez badago. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.
11. Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki eginen da.
12. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare sariaren aipamena eginen da.
13. Saria eman eta hilabeteko epean originalak itzuliko zaizkio eskatzen dituenari. Epe hori igarota, eskatzen ez diren lanak suntsitu egingo dira. Denbora tarte horretan argitaletxeren batek aurkeztutako lanak ikusi nahi baditu, baimena eskatu beharko zaio aldez aurretik egileari.
14. Oinarri hauetan zehaztu gabeko zalantzaren bat agertzen bada, epaimahaiak argituko du eta hark egiten ez badu udal eta mankomunitate antolatzaileek erabakiko dute. Sari honetan parte hartzeak oinarri hauek ezagutzea eta onartzea dakar.

Antolatzaileak: (22 toki entitate)
Agoizko Udala; Antsoaingo Udala; Atarrabiako Udala; Barañaingo Udala; Baztango Udala; Berriobeitiko Udala; Berriozarko Udala; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea; Burlatako Udala; Esteribarko Udala; Galar Zendeako Udala; Garesko Udala; Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Irantzu Mankomunitatea; Iruñeko Udala; Estella-Lizarrako Udala; Malerrekako Mankomunitatea; Sakanako Mankomunitatea; Tafallako Udala; Uharteko Udala; Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua.

Laguntzailea: Pamiela
Babeslea: Nafarroako Gobernua – Euskarabidea