Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Etxepare sariaren aurtengo obra, “Lorerik gorriena” argitaratu da

2020ko ekainaren 30ean iragarri zen 2020ko Etxepare sariaren irabazlea Uharten, Arte Garaikideko Zentroan. Sandra Garayoak eta Itziar Otegik eskuratu zuten saria, LORERIK GORRIENA  obrarekin, lehiaketan parte hartu zuten 53 lanen artetik —inoizko ediziorik emankorrena—; eta, orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du.

 

OBRA

LORERIK GORRIENA albumak gutako  bakoitzaren bizitzan Gertakari Handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo bertzeengandik jasotzen ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain, lerde jario…

Aurtengo edizioan, epaimahaikide aritu dira Etxepare sarian Leire Salaberria (ilustratzailea), Patxi Zubizarreta (idazlea) eta Idoia Sobrino (liburuzaina). Besteak beste, honakoak azpimarratu zituzten obra honi buruz:

 

  • Ipuin tradizionalen onena jaso, eta gaur eguneraino dakar haien leinua. Chestertonen erranetan, herensugea edo basapiztia gutako bakoitzarengan dago eta literaturak haren kontra borrokatzeko zalduna eskaintzen digu. Hau izan daiteke bitartekari batek umeari ipuina kontatzerakoan erakusten ahal dion gauzarik garrantzitsuena. Edo agian bitartekariak berak (dela guraso, irakasle, izeba edo aitatxi), jasoko duen irakaspenik handiena.
  • Testua sotil eta argi idatzia dago, zentzu guztietan neurritsu, eta bikain uztartuta dago ilustrazio gorri-beltzekin: protagonistak eta haien neurriak, naturaren presentzia delikatua, dena sinbolismo eta sujerentzia handiz adierazia.
  • Indar handiko irudiak sortu ditu gama kromatiko oso neurtu batekin. Gorriak eta beltzek pisu izugarria dute kontakizunean eta ipuin tradizionalarekin lotzeaz gain irakurlearen emozioak ukitzeko gai da lehen begirada batekin. Testura eta trazuekin jolastu du, deskripzioetatik urrunduz, eta sinbolismo eta sujerentziaz betetako mundu propio bat azalduz. 

 

EGILEAK

Iruñeko Udalak, Etxepare saria programan barne antolatzen duen Biko-Teka topaketetan hartu dute parte saridun biek; batak idazle moduan (Itziar Otegi) eta besteak ilustratzaile lanetan (Sandra Garayoa).  

Sandra Garayoa Cotera (Donostia, 1993), diseinu grafikoan eta ilustrazioan graduatua da Bartzelonako Escola Massanan. Hainbat eremutan lan egin ondoren, azkenaldian narrazioaren alorrera bideratu da. Une honetan hainbat album ilustraturen proiektuetan murgilduta dabil. 2017an irabazle izan zen Eva Toldrá ilustrazio sarien kategoria orokorrean, eta 2018an, berriz, finalista izan zen Junceda sarien sortzaile berrien kategorian. https://sandragarayoa.com/

Itziar Otegi Aranburu (Oiartzun, 1972) itzultzaile-interpretea da lanbidez. Hainbat literatura-lan itzuli ditu helduentzat eta haurrentzat, besteak beste, Axenario (Jules Renard), Ez da erraza gizon on bat aurkitzea (Flannery O’Connor), Jainkoa izan nahi zuen autobus-gidariaren istorioa eta beste batzuk (Etgar Keret), edo Tiger Lily: Heroi bat sortu da! (Maeve Friel). Azken horrekin, Vitoria-Gasteiz haur eta gazte literaturako itzulpen saria jaso zuen 2014an. Lorerik Gorriena haurrentzat idazten duen lehen ipuina da.