Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren hurrengo edizioa 2017ko martxoaren 20an abiatuko da eta maiatzaren 31ra arte luzatuko da. Euskaltzaleen Topaguneak eta Sakanako Mankomunitateak antolatzen dute egitasmoa Sakanan. Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kutxa fundazioaren babesa eta Sakanako liburutegi publikoen zein liburu denden laguntza.
Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honek, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen erabilera sustatuz.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira bertan parte hartzeko:
1. Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da. Horretarako, herriko liburutegira joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango duzu.
2. Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira bueltatu, eta fitxa bat bete beharko duzu. Fitxa hori beteta, liburutegiko arduradunak erosketa-txekea emango dizu, Sakanako honako liburu denda hauetako batean erabiltzeko: Arkatz, Kaxeta, Liburunda eta Martxueta.
3. Opari egin. Azken pausoa, liburua opari egitea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen erosketan %35eko beherapena izango duzu.
Egitasmoak honako argitaletxeen laguntza du: Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.