Sakanako Mankomunitateak eta Nafarroako Euskara Zerbitzuek abian jarri dute helduak euskalduntzeko 2015-2016 ikasturteko kanpaina. Kanpainarako No me dejes a medias/Ez utzi erdizka leloa aukeratuta, euskara “erdizka” uzten duten horiei zuzendu da.
Kanpaina euskararen aipamenik egin gabe abiatu zen nomedejesamedias bideoarekin. Kanpainaren mezua ez da argi gelditzen bideoaren bukaerara arte: ikasi eta gozatu euskaraz.
Euskaltegiak
Nafarroan euskaltegien sare zabal eta espezializatua dugu eta produktu eskaintza zabala dute norberak bere behar edo gustuen aukera dezan.
Euskaltegiek urte asko daramatzate lanean eta esperientzia handia metatu dute adin, jatorri eta klase orotako milaka herritar euskaraz janzten, euskara irakasten. Iaz, esaterako, 3.000 mila lagunek “gozatu” zuten euskaraz Nafarroako euskaltegietan.
Nafarroako euskaltegien datuak, loturak eta kanpainaren hainbat xehetasun aurki daitezke www.nomedejesamedias.eus webgunean.
Itsasi euskaltegia
Sakanako AEK-ko Itsasi euskaltegian izena emateko azken eguna irailaren 23a izanen da. Klaseak emanen dituzte Altsasun, Etxarri Aranatzen eta Irurtzunen, baita taldea sortzen den Sakanako beste edozein herritan ere. Informazio gehiago AEK-ko Itsasi euskaltegian: Gartzia Ximenez 46 Altsasu. Tel. 948 468 258. E-posta: sakana@aek.eus
Diru-laguntzak
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak diru laguntzak ematen ditu euskara ikasten dutenendako. Gutxi gorabehera matrikularen % 50eko diru-laguntza ematen du (betiere, eskaera kopuruaren arabera). 2014-2015 ikasturtean 115 sakandarrek jaso dute diru laguntza hori.
Informazioa gehiago hemen eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan: 948 464 840 / 948 464 867
edo euskara@sakana-mank.com