Sakanako Mankomunitateak, Berdintasun Zerbitzuak bultzatuta, “errotik Sakana parekidea” , Sakanako emakume eta gizonen arteko Berdintasunerako I. Plana diseinatzeko parte hartzeko prozesua martxan jarriko du ondorengo hilabeteetan. Pasaden astean aurkezu zuten Sakanako herrietako hainbat berdintasun zinegotzik eta Mankomunitateko berdintasun teknikaria den Oihana Gallo San Romanek. Planaren garapena bost fasetan garatuko da, aurretik bi egin dira eta otsailean hirugarrenari ekingo zaio.
Aizaga Zeberio Petriati, Amaia Bermejo Arana, Aitziber Txueka Galarza, Amagoia Hermoso de Mendoza Sainz, Rosa Mendoza Arregui, Ana Balda San Juan, Goizeder Castellano Olea, Araceli Erdocia Anso, Naroa Gurmindo Vicente eta Oihana Gallo San Roman aurkezpenaren egunean
Berdintasunerako plana ekintza konkretu batzuen bitartez emakume eta gizonen artean berdintasuna lortzeko tresna bat da, eta berdintasunaren aldeko lana estrategia baten barruan txertatzeko, ekintzak sistematizatu eta emaitzak optimizatzeko balio du. Sakanako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana parte hartzeko prozesu baten batez baliatuz gauzatuko da, eta bere diseinuan Mankomunitateko Zerbitzuek, Udalek, herritarrek eta eragile ezberdinek parte hartuko dute. Planak helburu orokor bezala dauka, alde batetik, Mankomunitateko zein Udaletako kudeaketan genero-ikuspegia txertatzea, eta, beste alde batetik, Sakanako emakumeen aukera eta eskubide berdintasuna bermatzea.
PARTE HARTZE SAIOAK
Otsailaren 3an parte-hartze saioak hasiko dira, eta bertan, gogoeta eta eztabaida kolektiboaren bidez Planaren irizpideak, lehentasunak, baldintzak eta programak definitu ahal izango dira. Sei parte-hartze saio egitea aurreikusi da, eta hauen egitura honako hau izango da:
-Berdintasun-gaien inguruko oinarrizko prestakuntza eskainiko da
-Berdintasunerako Planaren hezurdura aurkeztuko da
-Talde-lana egingo da, Planerako ekarpenak jasotzeko
Sakanako mankomunitatean egingo diren parte-hartze saioak Idoia Lekue, berdintasun aholkulariak, eta Mankomunitateko Berdintasun teknikariak gidatuko dituzte, eta 3 orduko iraupena izango dute eta haurrentzako zaintza zerbitzua egongo da. Zaintza zerbitzurako astebete lehenago izena ematea komeni da berdintasuna@sakana-mank.eus helbidean.
Saioak gizarteko talde desberdinei zuzenduak dira eta hauek antolatu dira oraingoz:
- Otsailak 3, 17:00-20:00 Alkateak eta bestelako zinegotziak
- Otsailak 7, 10:00-13:00 Udal teknikariak eta Gizarte Zerbitzuak
- Otsailak 10, 17:00-20:00 Emakumeak, mugimendu feminista eta emakume elkarteak
- Otsailak 14, 10:00-13:00 Mankomunitateko langileria
- Otsailak 17, 17:00-20:00 Herritarrak oro har eta elkarte desberdinak: kultura, guraso…
- Otsailak 21, 10:00-13:00 Tokiko Garapena-Garapen agentzia eta Cederna…
HAUSNARKETA ETA AURKEZPENA
Martxoan laugarren fase batean, On line bidezko parte hartzea sustatuko da eta barne lana egingo da prozesuan jasotako informazioarekin, bukatzeko apirilean onartu eta argitaratuko da Plana.
Prozesuaren deskribapena osorik PDFan hemen
.