Antolatzaileek askotariko ekarpenak jaso dituzte, eta heldu den hilabeteetako lana izanen da haiei heldu eta egitasmo zehatzetara ekartzea
2020an egin ziren lehen aldiz Hari izpia hartzen jardunaldiak, Nafarroako toki-entitateetako euskara teknikarien sareak, Elkar fundazioak eta Karrikiri elkarteak antolatuta. Lehendabiziko jardunaldi hartan Nafarroan euskal kulturak dituen erronkei buruz hausnartzen egon ziren 100 lagun inguru, guztiak ere gaian interesa zutenak: teknikariak, sortzaileak, politikariak, euskalgintzako kideak…
Lehen edizioaren arrakasta ikusita, bi haritik tira egitea erabaki da aurten, eta bi gai lantzea berariaz: euskal kulturaren ikusgarritasuna eta prestigioa batetik eta kulturaren eta lurraldearen arteko lotura bestetik. Hiru jardunaldietan eskema berbera izan da: adituen hitzaldiak izan dira, eta bertaratuek gogoeta gidatu batean parte hartu dute, Elhuyarrek bideratuta.
Maiatzean jardunaldi bat egin zen Atarrabian. Bertaratuek —50 lagun inguru— euskal kulturaren ikusgarritasuna eta prestigioa lantzeko proposamen zehatzak egin zituzten; batzuk berehala abian jartzeko modukoak eta beste batzuk, berriz, denbora eta baliabide gehiago beharko lituzketenak.
Uztailean egin zen jardunaldian ere —lurraldea eta kulturaren harremanari buruzkoa—50 bat lagunek hartu zuten parte. Zehazki, landa-garapenean kulturak egun duen eta etorkizunean beharko lukeen tokiaz aritu ziren hausnartzen batik bat, alegia kultura landa-ikuspegi batetik jorratzean kontuan hartu beharrekoa aztertu zen.
Bi jardunaldi hauetan lan-ildo berriak eta oso interesgarriak ireki dira. Horietatik batzuk hautatu eta gauzatzen saiatzea izanen da heldu den hilabeteetako erronka. Orain arteko bideak erakutsi du elkarlana emankorra izan dela eta oso aberasgarria izan dela jardunaldiak irekiak izatea egunerokoan elkarrekin jardunean ari ez direnen iritzia ezagutzea. Horiek horrela, bide beretik jarraitzeko asmoa azaldu zen.