Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako beste 35 toki entitaterekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako euskaltegiekin batera, helduak euskalduntzeko kanpaina antolatu du. Aurtengo lema “Hurrengoan euskaraz!” da.
Toki entitateek ederki dakigu herritarrek ahalegin eta gogo handiz heltzen diotela prozesu horri, eta, horregatik, diru-laguntzak eskaintzen ditugu. Sakanako Mankomunitatearen web orrian duzue diru-laguntza deialdia (hastera doan ikasturteko deialdia heldu den urtean onartuko da). Bestalde, Nafarroako Gobernuak ere diru-laguntzak ematen ditu.
Euskalduntze prozesua bideratzeko, ezinbestekoak dira euskaltegiak. Aurten, gainera, euskara irakasteko zentroek segurtasun-neurri bereziak hartu dituzte.
Sakanako Itsasi euskaltegiak (AEK) eskaintza zabala dauka Sakanako zenbait herritan. Informazio gehiago behar baduzue jo euskaltegira: 948 468 258.
Sakanatik kanpo ere, beste zenbait euskaltegi daude. Informazio gehiago Elaide plataforman: https://elaide.eus/eu/euskaltegiak.