Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Kudeatzailea oposizio-lehiaketa bidez ordezkatzeko deialdia

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Sakanako Mankomunitateko kudeatzailea oposizio-lehiaketa bidez ordezkatzea du xede deialdi honek.

Lan poltsa sortuko da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izanen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.

1.2. Hautapen probak 7. oinarrian ezarritakoak izanen dira eta lehiaketaldia ere baloratuko da, baldintza hauen 7.1  oinarrian ezarri bezala.

1.3. Hautapen prozesu honen kontratazioak 6 hilabete iraunen du, luzagarria izanen da eta kasua bada, iraunen du lanpostuan ordezkapenak egiten diren bitartean. Edonola ere, kontratua bukatuko da lanpostuaren titular den Sakanako Mankomunitateko kudeatzailea jarduneko egoerara itzultzen denean.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da eta horretan Sakanako Mankomunitateak prozesu honetan hautatutako langileekin formalizatutako kontratazioak ezeztatu ahalko ditu bere iritziaren arabera.

1.4. Lanaldia Sakanako Mankomunitateak ezartzen duena izanen da; betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatzen ahalko da.

1.5. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan A mailarako ezarritako ordainsariak izanen ditu, baita plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako osagarriak ere.

1.6. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiak ondoko eginkizunak izanen ditu, bertzeak bertze:

Langileriaren kudeaketa.

Ekonomiaren eta aurrekontuen kudeaketa.

Mankomunitateko zerbitzuen koordinazioa.

Kudeaketa planak eta plan estrategikoak prestatzea eta garatzea.

Laneko arriskuei aurrea hartzeko plana kontrolatzea eta kudeatzea.

Gobernu organoei aholkularitza teknikoa ematea.

Aipatutakoez gain, agintzen zaizkion bestelako erantzukizunak ere hartu beharko ditu bere gain, betiere bere maila profesionalarekin bat datozenak.

2. oinarria. Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Goi mailako unibertsitateko titulua izatea.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

e) B motako gidabaimena edukitzea.

f) EGA edo titulu baliokidea edukitzea, edo horri dagokion euskara proba gainditzea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honetako 7. oinarrian aurreikusitako epe eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean bete beharko dituzte eta hautapen prozeduran haien jabe izan beharko dute, izendapena egin arte.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izatea eskatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Sakanako Mankomunitateko erregistro orokorrean, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, egun horretako 14:30 arte. Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondokoekin batera aurkeztuko da:

a) NANaren edo horren baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.

b) Eskatutako tituluen kopia kautotua edo fotokopia, konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera aurkeztuko dena.

c) Lehiaketaren baremoaren irizpideei jarraikiz, baloratuko diren merezimenduen gaineko agiriak. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriarekin edo fotokopia konpultsatuarekin egiaztaturik ez dauden merezimenduak.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://sakana-mank.eus/).

Hamar eguneko epean, iragarkia Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://sakana-mank.eus/) argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin edo eskabideko akatsak zuzentzen ahalko dituzte.

5. oinarria. Behin betiko zerrendak.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia, eta, kasua bada, euskararen probak egitekoak ere bai.

Alegaziorik baldin badago, horiek ebatzi ondoren, Lehendakaritzak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta hura argitara emango da Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://sakana-mank.eus/), hautapen proba egiteko eguna eta tokia adierazita. Halaber, kasua bada, euskararen probak egiteko eguna eta tokia iragarriko dira.

6. oinarria. Epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Aitor Karasatorre Muguruza, Sakanako Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Ainara Aiestaran Ijurko, Sakanako Mankomunitateko buruordea.

Lehen mahaikidea: Fermín Cabasés Hita, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ekonomia aholkularia.

Ordezkoa: teknikari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharrekoa.

Bigarren mahaikidea: Ibon Mimentza de Irala, Cederna Garalurko kudeatzailea.

Ordezkoa: Jorge Nuñez Ortiz, Arga-Valdizarbe SL enpresako kudeatzailea.

Hirugarren mahaikidea: Iñaki Urrizalki Oroz, Nilsako zuzendari kudeatzailea.

Ordezkoa: Miguel Angel Arrastio, Nafarroako Erriberagoieneko Mankomunitateko kudeatzailea.

Idazkaria: Sakanako Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Sakanako Mankomunitateko kide den udal bateko idazkari bat.

Laugarren mahaikidea: Nerea Malkorra Araolaza, langileen ordezkaria, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen 113/1985 Errege Dekretuaren 21.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ordezkoa: langileen ordezkaritzak proposatua.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa, gutxienez, bildu gabe. Halaber, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

6.4. Epaimahaiak aholkularien laguntza eska dezake proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6.5. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean agertuko da hori, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.6. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

7. oinarria. Proben nondik norakoa.

Oposizioaldia hasi baino lehen euskararen proba eginen dute deialdi honen 2.F oinarrian eskatutako ezagutza agirien bidez egiaztatu ez dutenek. Proba horretan idatzizko bi ariketa eginen dira eta ahozko bat, eta horiekin zehaztuko da izangaia gai edo ez-gai den, C-1 hizkuntza mailari, EGAri edo baliokidea den tituluari dagokionez. Proba horiek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko langileek eginen dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak.

7.1. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, baremo honen arabera:

–Lanbideko esperientzia:

Administrazio edo enpresa publiko batean, kudeatzaile edo zuzendari lanpostu batean egindako urte oso bakoitzeko: 3 puntu.

Entitate pribatu batean kudeatzaile edo zuzendari lanpostu batean egindako urte oso bakoitzeko: 1,5 puntu.

Urtebetetik beherako aldiak proportzioan puntuatuko dira, lan bizitzaren txostenari jarraituz.

Atal honetako puntuazioa 15 puntukoa izanen da, gehienez ere.

–Prestakuntza osagarria:

Eskainitako lanpostuarekin zerikusia duen unibertsitateko titulazioa izatea, deialdian parte hartzeko baldintza gisa aurkeztutakoaz bestekoa.

Unibertsitateko erdi mailako titulazioak: puntu bat.

Unibertsitateko goi mailako titulazioak: 2 puntu.

Masterrak edo graduondokoak: 3 puntu.

Atal honetako puntuazioa 5 puntukoa izanen da, gehienez ere.

Prestakuntza ikastaroak, gai zerrendako gaiekin zerikusia badute. 0,005 puntu emanen dira, prestakuntza ordu bakoitzeko.

Atal honetan gehienez ere 10 puntu emanen dira.

Lehiaketa honetan gehienez ere 30 puntu lor daitezke.

7.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldia 2016ko urriaren bukaeratik aurrera egitea aurreikusten da.

–Lehen proba:

Erantzun laburreko edo test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie II. eranskineko gaiei buruz.

Proba honek ordu eta erdi iraunen du gehienez eta 35 puntu izanen ditu gehienez ere. Erantzun okerrak zigortuko dira, epaimahaiak ariketa hasi aurretik zehaztuko duen maneran. Baztertu eginen dira gutxienez 18 puntu lortzen ez duten izangaiak.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira, eta gehienez ere 3 eguneko epean argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia, eta adieraziko da plikak noiz eta non irekiko diren (eguna, ordua eta tokia), hori egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Irekitze hori jendaurrean eginen da.

–Bigarren proba:

Bi kasu teoriko praktiko ebatzi beharko dira, II. eranskineko gaien eta lanpostuari dagozkion eginkizunen inguruan. Gehienez ere 35 puntu emanen dira. Kasu bakoitzarengatik gehienez ere 17,5 puntu emanen dira eta baztertuta geldituko dira bi txostenen puntuazioa batuta 18 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren ariketa hau eginen dute soilik lehengoa gainditu dutenek.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira, eta gehienez ere 3 eguneko epean argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia, eta adieraziko da plikak noiz eta non irekiko diren (eguna, ordua eta tokia), hori egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Irekitze hori jendaurrean eginen da.

7.3. Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen edo gaindituta ere kontratatua izaterik nahi ez badu, Sakanako Mankomunitateak kontratatu ahalko du probaren bat gainditu duen hurrengo izangaia, hautapenaldian lortutako puntuazio ordenari zorrotz jarraituz.

7.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

7.5. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

Lehen probak 35 puntu izanen ditu gehienez, eta bigarrenak, berriz, 35 puntu.

8. oinarria. Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Azken proba bukatuta, epaimahaiak puntu gehien lortu dituen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio Sakanako Mankomunitateari.

Berdinketa izanez gero, lehentasuna izanen du bigarren ariketan puntuaziorik handiena eskuratzen duenak, eta hala ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da izangaien artean.

8.2. Proposamena loteslea izanen da Sakanako Mankomunitatearentzako.

8.3. Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean, probak egin diren tokian eta web orrian (http://sakana-mank.eus/).

8.4. Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, Sakanako Mankomunitatearen kontratazio proposamena onartzen duenetik aitzina. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz.

9. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Lakuntzan, 2016ko uztailaren 19an.–Mankomunitateko lehendakaria, Aitor Karasatorre Mugurutza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. 6/2006 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa.

2. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutua.

3. 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

4. Toki administrazioaren berrantolaketa.

5. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea.

6. Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra.

7. ISO 9001, ISO 14001 eta OHSAS 18001.

8. OSI eredua.

9. Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratua.

10. Nafarroako Hondakinen Partzuergoa.

11. Sakanako Mankomunitateko estatutuak eta ordenantzak.

12. Sakanako Mankomunitateko zerbitzuak.

13. Sakana 2020 Plan Estrategikoa.

14. Planifikazio estrategikoa.

15. Partaidetza prozesuak.

16. Giza baliabide kudeaketa.