Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, AEK-ko Itsasi euskaltegiak eta Mintzakideek antolatuta, abenduaren 17an, 9:30ean, literatur solasaldia eskainiko du Patxi Zubizarreta idazleak Altsasuko Iortia kultur gunean. Bi liburu izanen ditu hizpide: “Hiru gutun Iruñetik“ (Pamiela, 2012) eta “Emakume sugearen misterioa“ (Alberdania, 1993).
|
Patxi Zubizarreta Dorronsoro (Ordizia, 1964). Euskal Filologia ikasketak Gasteizen amaitu zituen eta bertan bizi da harrezkero. Haur eta Gazte literaturan aritu izan da eta helduen eta itzulpengintzan ere jarduna da. Handia da musika eta literatura uztartzeko egin duen ahalegina. |
|
“Hiru gutun Iruñetik”.- 1939ko uztailaren 25ean, aurrena Irati treneko merkantzia bagoietan Irunberriraino eta kamioietan gero, ehundaka preso eraman zituzten Iruñetik Erronkari ibarraren izen bereko herrira. Txerrien pare metatuak, herritarrek zer ganadu mota ote zekarten galdegin zioten elkarri. Baina luze gabe fusildunen oihuetara lerrokaturik ikusi zituztenean, gizon haiek presoak zirela pentsatu zuten.
Muga piriniarreko babesarako lanak egitera omen zetorren Langileen 127. Bataloi hura, eta Zaraitzu eta Erronkari ibarren arteko errepidea izango zuten lantegi.
Zarpazikin, oin nekatuak herrestan eta automaten pare, gatibuak goizean goizetik turuta hotsera ibiltzen ziren: lerrokatu, zenbaketa amaigabeak egin eta, batik bat, pikotxa, pala, esku orga eta saskiekin, leher gaizto egin arte, errepidea zabaltzen… |
|
“Emakume sugearen misterioa”.- Tomas, “hiriko trenak ekarritako” protagonista nagusia, Larrañetara iritsi da, San Migel jaietan, eta ondo ikasia dakar bere guraso ordekoek irakatsitakoa: “Zuk beti esan 1926ko abenduaren 21ean sortua zarela, Tomas Sainduaren egunean”. Hiriko trenak ekarritako umeak, La Troupe Francesco-ko titiriteroak ezagutuko ditu: neska bat, agurea eta emakume sugea. Eta misterioa. |