Lorategian erabilitako ur kopurua gutxitu dezakegu

July 23, 2015

Lorategiak ureztatzean erabiltzen dugun ur kopurua asko murriztu daiteke landare mota
eta ureztatze sistema egokiak aukeratzen baditugu.

Bederatzi litro minutu batean. Hori da iturriari lotutako
mauka irekitzean sortzen dugun ur kontsumoa,
eta etxe gehienetan, modu honetan
ureztatzen dira loreak eta lorategiak. Badira
ordea norberaren lorategia edo baratzea ureztatzeko
hainbat aukera merkeagoak. Besteak,
beste ureztontziak erabiltzea, euria egiten duenean
bildutako ur erreserbak erabiltzea… Aipatutako
neurri hauei lorategiaren diseinua ongi
aztertzea gehitu dakioke. Esaterako, jarritako
landareak ur gutxi behar duten motatakoak badira
edo inguruaren tamaina eta eguzkiarekiko
kokalekua kontuan izaten baditugu ur kontsumoa
eta faktura asko jaitsi daitezke.
Landare motak eta ureztatze sistemak
Lorategiak ureztatzean ura aurrezteko modurik
onena lorategiaren diseinua planifikatzea da.
Ahal den neurrian euri bidezko ureztatzea nahiko
izatea lortu behar dugu. Horretarako egokiak
izan ohi dira bertako landare motak. Beste
aukera bat belardiaren eremua murriztea izan
daiteke. Izan ere, ur kontsumo altua izan ohi du
belardiak honen ordez, sasiak, zuhaitzak edo
zorua estali ohi duten landare motak erabili ditzakegu.
Edo bestela, ureztatzerik behar ez
duten eta itxura polita izan dezakeen harria,
graba, zuhaitz azala eta antzekoak erabili ditzakegu
lorategiaren eremu batzuetan.
Bestalde, ureztatze sistema egoki baten aukeraketa
dugu, egun merkatuan dauden kontsumo
baxuko sistemak hauek dira:

Ihinztadura bidezko ureztatzea: Euria balitz bezala,
ura ttantta txikietan banatzen da sistema
honekin. Belardietarako oso gomendagarria da.

Ttantta bidezko ureztatzea: Plastikozko hodi
bat erabiltzen du sistema honek, barruan 40
zentimetroko tarteka zuloak dituen pieza bat darama
eta zulotxoetatik ttanttaka ateratzen da ura.
Lurrunketa bidezko ur galtzea eta belar txarrak
jaiotzea ekiditen du sistema honek.

Izerditze bidezko ureztatzea: Ttantta bidezko
ureztatzearen antzekoa da baina hodiak milaka
poro ditu. Hodia urez beteta dagoenean ura izerditzen
hasten da. Ur gehien aurrezten duen sistema
dugu hau.

Aurretik inbertsio gutxiago eskatzen duten metodoak
ere badaude ura aurrezteko. Besteak,
beste, ubide eta putzuetako ura erabiltzea edo
euria egiten duenean bidoietan gordetzea gero
erabili ahal izateko.

ureztatzea

Ureztatzeko modurik onena

Ureztatzean aurrezteko garaian ureztatzeko sistema
ez ezik, ureztatzeko modua ere oso esanguratsua
da. Jarraibide erraz batzuk kontuan
hartzea nahikoa da aprobetxamendu egokia lortzeko:

Bero gutxien egiten duen garaian ureztatzea
komeni da, hala, ur gutxiago galduko dugu eguzkiak
sortutako lurrunketarekin. Haize asko dagoenean
ureztatzea ere ez da komeni.

Kontuan izan behar dugu sartu berriak diren
zuhaitzek ureztatze sarriagoak behar dituztela
baina ondoren, sustraiak egonkortu direnean
maiztasun hau gutxitu daiteke. Kasu askotan,
uda osoan lau edo bost aldiz ureztatzea aski
izango da eta beste zuhaitz mota batzuk behin
ere ureztatu gabe ongi bizi ahal izango dira. Zuhaitzak
eta sasiak gutxitan baina ur askorekin
ureztatzea komeni da, horrela, hobeto garatzen
dituzte sustraiak eta lehorteen aurrean gehiago
irauten dute.

Ureztatzea ez da zurruna izan behar, meteorologiari
egokitua egon behar du. Oso gomendagarria
da lurraren hezetasuna begiratzea.
Instalatutako ureztatze sistemen egoera, ur
emaria, helmena eta ibilbidea zaintzea eta erregulatzea
komeni da. Kontua izan behar dugu
urik behar ez duten guneak ez ureztatzen edo
gune berdina birritan ez ureztatzearekin. Gure
lorategian sistema automatizatua badugu, euri
eta hezetasun sentsoreak jarri ditzakegu.

Lorategiko mantenu lanei dagokionez ere badira
aurrezteko moduak. Esaterako, belardiak
bost edo sei zentimetro luzera baldin badu, landareek
ur gutxiago beharko dute edo udaran ongarriztatze
gai gutxiago erabiltzen badugu, ur
gutxiago beharko dute landareek.

Iturria: Consumer
Sare sozialetara gehitu

<< atzera