Sakanako ordezkariak Nafarroako Gobernuarekin bildu dira

November 19, 2015

Nafarroako Gobernuarekin biltzea lortu du Sakana 2020 Plan Estrategikoa abian jarri ahal izateko lanean ari den Sakandarren ordezkaritzak. Plana abian jartzeko Gobernuarekin hartu behar diren konpromezuak  izan da bileraren helburua. Aurreko Gobernuarekin egindako bidearen puntuan berrabiatu dira gauzak eta aurrekoan ez bezala, oraingoan hitzarmen bat sinatzea espero da.

Azaroaren  18 an bildutakoak honako hauek izan dira. Nafarroako Gobernuaren aldetik  Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordea, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia den Maitena Ezkutari, Politika Ekonomikoaren, Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia den Pilari Irigoien, eta Izaskun Goñi kabineteburua. Sakanako ordezkariak berriz, Sakanako Mankomunitatetiko lehendakaria den Aitor Karasatorre, Javier Ollo eta Ainhara Aiestaran Altsasuko eta Uharte Arakilgo alkateak,  Markos Erro aholkulari juridikoa, Joseba Garmendia Sakantzen sareko ekonomialaria, Iker Manterola eta Aintzane Iriberri Garapen Agentziako teknikoak, José Julian Garciandia enpresaria eta Sakanako Enpresarien Elkarteko kidea.

Ekonomia lehendakariordeak adierazi du Sakanan egin den plangintza balio handikoa eta eskertzekoa dela. Gobernuaren aurrekontuen prozedura nola dagoen azaldu du eta orain aztertu beharko omen da zein ekintzak eta zenbateko finantziazioarekin konprometitu ahal izanen diren. Dena dela, aurreko negoziaketetan bezala, Sakanako Plan Estrategikoaren bidetik eskualdeko egoerari modu orokor eta partekatu batean erantzutea ahalbidetuko duen Hitzarmena lantzeko konpromisoa hartu dute bi alderdiek.

Lehendakariordea eskualdeka enpresa agenteekin egiten ari den topaketak erronda Sakanara Gabonak baino lehen iritsiko omen da.  Bileran hitzartu dena berriz, datozen egunotan, Sakanako ordezkariei Gobernuak lehen proposamen bat eginen diela da.

Sakana-nafarroako-gobernua-2015-11-18

Sare sozialetara gehitu

<< atzera