2. eLe festa: euskal hiztun berriei omenaldia Altsasun

May 2, 2017

Bigarren urtez jarraian, Sakanako AEK-k, Mintzakide programak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eLe festa antolatuko dute. Maiatzaren 6an izanen da, Altsasuko Gazte Asanbladak antolatzen duen Euskal Festaren barruan. 12:30ean ekinen zaio hasiera ospakizunari Altsasuko Foru plazan. Bertan, Sakanako euskal hiztun berriak eta mintzakideak omenduko dira.

Hitzaren sinonimoak dira elea eta berba. L maiuskula, berriz, ibilgailuaren gida baimena atera berri duten gidarien autoetan ikus daiteke. L horrek gidari horiek praktikatzen hasi berriak direla adierazten die errepidean diren gainerakoei. Euskaldunen bide berrira sartu diren hiztun berriak, praktikatzen hasi diren horiek dira, hain zuzen ere, eLe festaren ardatzak. Euskara praktikatu eta bizi Sakanan! leloarekin, euskal hiztun berri horien ahalegina aitortu eta euskal hiztunen komunitatera ongietorria emanen zaie.

Ekitaldiak praktika eta ospakizuna uztartuko ditu. Omenaldia eta mintzodromoa eginen dira. Gainera, helduak hitz eta putz ari diren bitartean, haurrendako tailerra antolatuko da. Beraz, ospakizunaz familian gozatzeko aukera egonen da. Bukatzeko, denendako auzatea eginen da.

Antolatzaileek zenbait erakunderen laguntza izan dute: Guaixe Fundazioa, Altsasuko Gazte Asanblada, Altsasuko Udala eta Aizpea euskara elkartea.

Gonbidapena
Sakanako AEKk, Sakanako Mintzakide programak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak larunbateko omenaldira joateko gonbidapena egiten die sakandar guztiei. 12:30ean izanen da, Altsasuko Foru plazan (eguraldiak laguntzen ez badu, Gure Etxean).

Egitaraua
12:30 Hiztun berriei omenaldia
13:00 Mintzodromoa eta haurrendako tailerra
13:30 Auzatea

ele festa

Sare sozialetara gehitu

<< atzera