Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Koronabirusaren aurkako neurrien kartel sorta erabilgarri

KORONOBIRUSAREN AURKAKO PREBENTZIO NEURRIEN KARTEL SORTA EUSKARAZ, ESTABLEZIMENDUEK ERABILTZEKO

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak koronabirusaren aurkako prebentzio neurrien kartel bereziak editatu ditu, Sakanako dendari, ostalari eta zerbitzuek erabiltzeko. Kartelen kanpaina berezi hau Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartearekin elkarlanean landu da. Elkarteak establezimenduen beharrak identifikatzen eta errotuluak zabaltzen lagundu du.

Kartelak Mankomunitatearen web orriko Euskara atalean jarri dira, nahi duenak deskargatzeko. Kartel bakoitzetik bi bertsio daude aukeran: bat euskara hutsean eta bestea elebitan.

11 kartel

Kartelek, gehien bat, segurtasun neurriekin lotuta daude: errespetatu segurtasun-tartea, gehienezko pertsona kopurua, eskularru edo maskararen erabilera, ez ukitu, eskuak garbitu, erabili txartela… Funtzionamendu berriari lotutakoak ere badira, txanda eskatu edo eramateko janaria, esate baterako. Azkenik, dendari elkartetik mezu positiboa emateko beharra ere ikusi zuten, eta hortik etorri da “Denen arten lortuko dugu!” kartela.

Egoera oso aldakorra dela ikusita, ez da baztertzen etorkizunean kartel gehiago egitea. Proposamenak egin daitezke euskara2@sakana-mank.eus helbidean.

Bertakoaren aldeko apustua

Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Dendarien Elkarteak koronabirusak sortutako krisiari bertatik eta bertakotik aurre egin behar zaiola sinesten dugu.

Horregatik, egoera berezi honetan, Sakanako Mankomunitateak kartelak sortzeko laguntza eskaini die tokiko establezimenduei. Aldi berean, establezimenduei haien komunikazioetan bertako hizkuntza, euskara, erabiltzeko deia egiten die. Euskara gure bereizgarri da eta gertutasuna ematen dio zerbitzuari.

Establezimenduendako doako zerbitzu gehiago

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak aspaldi du martxan Merkataritza euskaraz kanpaina. Kanpainaren helburua Sakanako denda, taberna, jatetxe eta zerbitzuetan euskararen erabilera eta presentzia handitzea da (kartelak, errotuluak, webguneak, sare sozialak…).

Horretan laguntzeko asmoz, Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak zenbait produktu eta zerbitzu eskaintzen dizkie dohainik Sakanako establezimenduei:

  • Kartel estandarrak: establezimenduendako hainbat kartel sortu dira (Ordutegia, Irekita/Itxita, Ez erre, Erreklamazio orriak daude, Tabernetako araudia…). Eskaerak: euskara2@sakana-mank.eus helbidean edo 948 464 840 telefonoan.
  • Doako itzulpen zerbitzua: Testuak itzulpenak@sakana-mank.eus helbidera bidali behar dira. Ohar motza bada, argazkia atera eta whatsapp-ez bidali daiteke 608 007 802 telefonora.
  • Euskarazko errotuluendako diru-laguntza: Dendako errotulu nagusia, kotxekoa, toldoa… euskaraz (%50) edo elebitan (%25) jartzeko. Oinarriak web orrian

Argibide gehiago behar baduzue, begiratu produktu eta zerbitzuen gidan edo galdetu Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan (948 464 840 edo euskara2@sakana-mank.eus).