Altsasu | 5. edukiontzia ezartzeko azken txanpa

urtarrila 10, 2018

Altsasun 5. edukiontzia ezartzeko azken txanpan sartu gara. Azken hilabeteetako informazio kanpaina zabalaren ostean, dagoeneko ia 300 etxebizitzek eman dute izena. Horrela, izena eman duen jendeari materia organikoa banatzeko kit-a emango dio Sakanako Mankomunitateak.

Kit-ak honako osagaiak ditu: 10 litrotako kubo aireztatua (hainbat ikerketen arabera, usaina ekiditeko hoberena), poltsa konpostagarriak, 5. edukiontzia irekitzeko giltza eta hondakinak ongi sailkatzeko gida berria.

Kit-ak jasotzeko bi egun izango dituzte bizilagunek: urtarrilak 11, osteguna eta urtarrilak 15, astelehena. Iortia Kultur Gunean jaso ahalko dira eta goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:30etatik 19:30etara egongo dira bertan Sakanako Mankomunitateko hezitzaileak. Kit-ak banatzeaz gain, jendeari behar dituzten azalpen guztiak emateko prest ere egongo dira.

Izena eman duen jendeari banan-banan telefonoz deitzen ari dira. Dena den, norbaitek oraindik izena eman ez badu baina 5. edukiontzian izena eman nahi izanez gero, zuzenean pasa daiteke Iortiatik izena eman eta kit-a hartzera aipatutako ordu eta egunetan.

Kit-ak banatzearekin batera, Sakanako Mankomunitateko langileak iada horretarako jarritako posteetan 5. edukiontzia jartzen hasiko dira. 240 litrotako kubo marroia izango da eta gaur egun dauden edukiontzien ondoan egongo da. Lehenengo organiko bilketa ostegunean, urtarrilak 18, egingo du Sakanako Mankomunitateak.

kitbanaketa


<< atzera