era.eus webgunearen aurkezpena

azaroa 28, 2017

Egungo gizartean pertsonen eleaniztasuna gero eta gehiago baloratzen den testuinguruan, Nafarroako familia askok aukeratzen du euskarazko irakaskuntza, horrela bere seme-alabek etorkizunean aukera gehiago izanen dituztela pentsatzen dutelako.

Familia horien ingurunea askotarikoa da; familia batzuk euskara asko erabiltzen den eremuetan bizi dira, beste batzuk euskara horrenbeste erabiltzen ez denetan. Horretaz gain, haur horien familiak ere era askotakoak dira, zenbait kasutan familia osoak euskaraz daki, beste zenbaitetan, aldiz, ez.

Euskaraz ikasten duten haurren guraso askok, euskaraz jakin ala ez, toki-entitateetako euskara zerbitzuetara jotzen dute hainbat zalantzekin. Guraso horien helburua argia da; jakin nahi dute nola laguntzen ahal duten seme-alaben hizkuntza-garapenean.

Eskaera horiek kontuan hartuta, Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek sortu dute era.eus webgunea euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas-prozesua osatzeko. Haurrek ikastetxeetan dagokien adinerako ezagutzak eta gaitasunak jasotzen eta garatzen dituzte, baina euskarak gizartean duen presentzia desorekatua kontuan hartuta, ezagutza eta gaitasun horiek eskolaz kanpo ere indartzea egokia da, esaterako, etxean, kultur jardueretan edo eskolaz kanpoko jardueretan.

Zalantza horietako asko bulegoetan, edo antolatzen diren bestelako jardueretan, argitu behar dituzte euskara zerbitzuetako langileek. Hemendik aurrera zalantzak horrela argitzeaz gain, webgune honen bitartez ere eginen da. Horretaz gain, gurasoentzako interesgarria izan daitekeen bestelako informazioa ere emanen da.

Familiek dauzkaten beharren arabera guri helarazitako eskaerek aberastuko dute webgunea eta, denon artean, belaunaldi berriak euskaraz hazteko bidea.

Webgunearen eduki garrantzitsuenak:

Aipatu den bezala, webgunearen bidez euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaini nahi zaizkie. Hauek dira webguneko zatirik esanguratsuenak:

  • Gurasoen ohiko zalantzak argitzeko informazioa ematea.
  • Interneten haurrentzat prestatutako edukiaren bilduma egitea, esaterako ipuinak, jolasak, musika, aplikazioak…
  • 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eskolaz kanpoko jardueren bilduma (kirola, ikastaroak, ludotekak…)
  • Haurrentzako euskarazko eskaintzaren berri emanen duen agenda eskualdeka antolatua.

Sustatzaileak:

Webgunea egiteko eta elikatzeko azpian dauden erakundeetako euskara zerbitzuak aritu dira elkarlanean. Hauek dira webgunearen eragileak:

  • Aezkoako Batzarre Nagusia

  • Agoizko Udala

  • Antsoaingo Udala

  • Aranguren Ibarreko Udala

  • Atarrabiako Udala

  • Auritz, Erroibar, Artzibar eta Luzaideko Udalak

  • Barañaingo Udala

  • Baztango Udala

  • Berriobeitiko Udala

  • Berriozarko Udala

  • Bortzirietako Euskara Mankomunitatea

  • Burlatako Udala

  • Eguesibarko Udala

  • Estella-Lizarrako Udala

  • Esteribarko Udala

  • Galar Zendeako Udala

  • Garesko Udala

  • Irantzuko Mankomunitatea

  • Iruñeko Udala

  • Izarbeibarko Mankomunitatea

  • Malerrekako Mankomunitatea

  • Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea

  • Orkoien, Oltza Zendea eta Etxauriko Udalak

  • Sakanako Mankomunitatea

  • Tafallako Udala

  • Uharteko Udala

  • Zaraitzu eta Erronkariko Batzar Nagusiak

  • Zizur Nagusiko Udala

Nafarroako Gobernuak proiektua diruz lagundu du.


<< atzera