Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

“Ez dok hiru” urriaren 21ean, arratsaldeko 19:30etan Altsasuko Iortia Kulturgunean 

Berria, Sakanako Mankomunitatea eta Altsasuko Udala elkarlanean

Duela bost urte hasi ziren Berria, Sakanako Mankomunitatea eta Altsasuko Udala elkarlanean Altsasun kultur ekitaldi bat antolatzen. Orduan Ruper Ordorikak kontzertua eskain zuen Berriaren alde Zure ziztada kanpainaren barruan. Hurrengo urteetan, Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak diru-sail bat jarri dute euskarazko kultur ekitaldi bat egiteko, eta Berriak horiek antolatzeko ardura hartu du bere gain, Sakanako Berrialagun talde baten eskutik. Horrela, 2013an Gariren kontzertua programatu zen, 2014an Tanttakaren Zazpi aldiz elur ikuskizuna, 2015ean Anari eta bere taldearen kontzertua eta 2016an Sakanako hotsak, Sakanako musikarien eskutik. 2017an Ez dok hiru antzezlana plazaratuko da.

Urteotan antolatutako ekitaldien bidez Berriak helburu nagusi bat izan du: euskal kultura Sakanan zabaltzen laguntzea. Helburu horretaz gain, beste bi helburu izan ditu Berriak: Sakanako eragileekin elkarlanean aritzea batetik eta Sakanako Berrialagunen komunitatea elkartzea eta elikatzea bestetik.

Ez dok hiru

Ez dok hiru,  Euskal Herriko kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da, baina ez nolanahikoa, eroa, zoroa, irrigarria, barregarria, absurdoa, eta dibertigarria baita. Publiko helduari zuzendutako ikuskizuna da, umorezkoa eta euskaraz. Patxo Telleriak testuak sortu ditu eta Mikel Martínezek, eta Telleriak berak antzeztuko dute, Jokin Oregiren zuzendaritzapean.

Zenbat euskal kanta ezagutzen dituzu, zahar edo berri? Kalkulua egin duzu inoiz? Ziur gaude uste duzuna baino askoz gehiago direla. Ikuskizun honetan berrehun baino gehiago agertzen dira —zatiak, noski!— eta denak ez bada, gehienak, ezagun egingo zaizkizu. Gure musika-ondarea, altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko.

Fitxa teknikoa

Egilea: Patxo Telleria
Zuzendaria: Jokin Oregi
Aktoreak: Mikel Martínez, Patxo Telleria
Musikariak: Adrián García de los Ojos, María Arriaga eta Iván Allue
Iraupena: 75 minutu

Sarrerak

Sarreren salmenta Iortia kultur etxean bertan edo Internet bidez (www.iortiakultura.com webgunean) egingo da (irailaren 1etik aurrera): aurretik 10 € (urriaren 20ra arte) eta egunean bertan 12 € (urriaren 21ean).

Berrialagunek 2 euroko deskontua izanen dute. Erosketa aldez aurretik egin nahi badute, sarrerak Berrian eskatu beharko dituzte urriaren 17a baino lehen eta kontzertuaren egunean Iortiako txarteldegian jaso. Berriak haien kontutik kobratuko die. Egunean bertan erosten badute Berrialagun-txartela erakutsi beharko dute txarteldegian deskontua egin ahal izateko (Berrialagun bakoitzak bi sarrera erosi ahal izanen ditu gehienez ere deskontua aplikatuta).

Sarreren salneurria:

 Egunean 12 € (Berrialagunak 10 €)
 Aurretik 10 € (Berrialagunak 8 €)
Sarreretatik jasotako dirua Berria fundazioarendako izanen da

Antolatzaileak:

Sakanako Mankomunitatea eta Berria

Laguntzailea:

Altsasuko Udala