“Hautatu hezkuntza euskaraz, hautatu D eredua” kanpaina

urtarrila 21, 2018

Euskarabideak-Euskararen Nafar Institutuak eta Nafarroako tokiko erakundeek, batez ere Erdialdeko Zonakoek, “Hautatu hezkuntza euskaraz, hautatu D eredua” kanpaina abian jarri dute elkarrekin, 2018-2019 ikasturtean euskaraz eskolatzea sustatzearren, aurrematrikulazio-denboraldiari begira. Aurrematrikulazioaren epea otsailaren 1etik 7ra bitartekoa izango da, Foru Komunitate osoan zehar banatutako irakaskuntza-zentroetan.

Ekimena elkarlanean diseinatu eta planifikatu dute Euskarabideak eta tokiko erakunde interesatuetako euskara-zerbitzuek. Kanpaina bultzatzen duten tokiko erakundeek Nafarroako biztanleria gehiena hartzen dute, eta tartean aurkitzen dira Iruñerria osatzen dutenak ere.

Kanpaina bat dator Euskararen I. Plan Estrategikoarekin (2016-2019), eta euskaldun berriengana zuzentzen den ardatz bat du. Horrela, ardatz horren helburua da euskaraz eskolatzeko aukera orokortzea, seme-alabak hizkuntza horretan ikastea nahi duten Nafarroako familiek aukera hori bermatuta izan dezaten. Halaber, Plan Estrategikoan jasotzen da agente sozial publikoekin nahiz ekimen sozialekoekin batera euskaraz eskolatzearen aldeko komunikazio-estrategia iraunkorrean oinarritutako kanpainak garatzea.

Esperientzia pedagogikoa

Nafarroako euskarazko irakaskuntza-zentroek 40 urtetik gorako denboraldian pilaturiko esperientzia pedagogiko zabala dute.

D eredua irakaskuntza-eredu eleaniztuna da, modu integratuan euskara (irakaskuntzarako erabiltzen den hizkuntza nagusia), gaztelania eta atzerriko hizkuntza bat (ingelesa, frantsesa edo alemana) irakasten dituena; gainera, aukera gisa, familiek atzerriko bigarren hizkuntza bat hauta dezakete. Helburua da eleaniztasun eraginkorra lortzea hizkuntzan murgilduta. Adituen arabera, D ereduaren egokitasuna komunitateko hizkuntza berezkoetatik abiatzea da, horrek dakartzan motibazioa eta gizartean erabiltzeko aukerak kontuan izanda. Derrigorrezko hezkuntza amaitzean, Nafarroako bi hizkuntzatan komunikatu ahal izatea gizarteratzeko elementu garrantzitsua da.

Hezkuntza euskaraz eleaniztasun eraginkorra lortzeko bidea bezala

Euskarazko irakaskuntzak bereziki zaintzen du hizkuntzen tratamendu integratua. Euskara era trinkoan lantzen da, eta horren irakaskuntzarako ikasleetara egokitutako curriculum-jarduerak egiten dira, ikasleen adinaren eta gaitasunaren arabera. Gaztelaniaren irakaskuntzan, hizkuntzaren ezagutza eta literatura lantzen dira, eta, zehatzago, hizkuntza formala eta akademikoa.

Atzerriko hizkuntzei dagokienez, curriculum-edukiak lantzen dira komunikazio-metodologiekin, eta, horrela, ikaslea hasieratik hasten da hizkuntza modu aktiboan erabiltzen. D ereduak, irakaskuntza eleaniztuna izanik, atzerriko hizkuntzak sartzea errazten du, ikasleei beste kultura batzuetarako ateak irekiaz.

Euskara eskolaz kanpo erabiltzeko aukerak

Euskaraz eskolatzeko ereduaren (D eredua) esperientziaren arabera, familiak hizkuntza ez jakitea ez da inolako eragozpena ikaslea eskolan ondo ibiltzeko.

Jakin badakigunez, kasu gehienetan, euskara ez dela ikaslearen etxebizitzako hizkuntza, Euskarabideak eta euskarako udal-zerbitzuek familiei laguntza eman nahi diete eskolaz kanpoko eremuetan; esate baterako, denbora librean edo jarduera kulturaletan. Horren adibide bat www.era.eus da, plataforma digital berria, euskararen ikaskuntza-prozesuan seme-alabei lagundu ahal izateko familiei laguntza eta baliabideak eskaintzen dizkiena.

Euskararen berreskurapen soziala

2016ko Inkesta Soziolinguistikoaren datuen arabera, euskaldun gehiago daude batez ere gazteen artean. 1991n, 16 eta 24 urte arteko gazteen %10 euskalduna zen, eta, handik 25 urtera, 2016an, euskaldunak %25,8 izatera iritsi dira. Euskaraz dakiten gazte gehienak hizkuntza horretan eskolatutakoak dira.
Kanpainaren diptikoa hemen.


<< atzera