Hirukoiztu egin da Sakanako konpost banaketa 2021eko lehen hiruhilekoan

apirila 21, 2021

Sakanak erreferente izaten jarraitzen du konpost banaketan; 2020an ia  200.000 litro konposta 750 sakandarren artean banatu eta gero, 2021eko lehen hiruhilekoan, jada 60.000 litro baino gehiago banatu dira 200 herritarren artean, iaz epe honetan banatutakoaren ia hirukoitza. “Banaketa erritmo honi eutsita, urte bukaeran datu benetan pozgarriak izango ditugu Sakanarentzat. Erreferente gara hondakin bilketan lortzen ditugun emaitzei esker, eta hori sakandar asko eta askoren ekarpenari esker izaten ari da. Bide onean goaz”, adierazi du David Orozek, Sakanako Mankomunitateko Lehendakariak.

 

Hainbat gogorapen sakandarrentzat Hondakin Zerbitzutik

Horrekin batera, gogorarazi nahi dugu baratzak eta loreak prestatzen ari diren sakandarrentzat, Arbizuko Hondakinen Tratamendu Plantan konposta banatzen dela dohainik urte guztian zehar. Arbizuko itxiera perimetrala dela eta, apirilaren 30etik aurrera konpost bila joan ahal izanen da berriz ere, beti ere itxiera perimetrala indarrean ez badago. Aurten ere A kalitateko konposta banatuko da, nekazaritza ekologikoan ere erabilgarria baita, laborategian egindako analisiek zehaztu dutenez.

Etxebizitzako 5 konpost zaku banatzen dira urtean, udaberri garian hiru zaku eraman daitezkeelarik. Hiri Hondakinen Zerbitzuko Hezitzaileek harrera egiten dute astelehenetik ostiralera goizeko 9:00etatik 14:30etara. Konposta hartzeko bulegoan izena eman beharra dago. Etxetik zakuak ekartzea eskatzen bada ere, badago Hondakin Zerbitzuaren bulegoetan hartzea ere, eta bertan informatzen dute konposta non eta nola hartu behar den; kargatzeko palak bertan har daitezke, edo norberak berea ekarri.

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak esker oneko hitzak izan ditu Piensos Unamunorentzat ekonomia zirkularrarekin bat eginez eskaintzen duen laguntza paregabearengatik, izan ere, pentsuaren salmentan sortutako zakuak ematen baitituzte konpost banaketan berrerabiltzeko.


<< atzera