Hondakin Prebentziorako Europako Astea

azaroa 20, 2020

Sakanako Mankomunitateak Hondakin Prebentziorako Europako Astearekin bat egiten du hainbat jarduera aurrera eramanez

Jakinik hondakin hoberena sortzen ez dena dela, Sakanako Mankomunitateak hainbat jarduera proposatu ditu Hondakin Prebentziorako Europako Astearekin bat eginez.

Alde batetik haraneko hainbat herritan kafe konpondu jarduera burutzen ari da. Batuta Sakana Elkartearen eskutik, zenbait herritan tresna txikiak, jostailuak, aulkiak eta bestelakoak konpondu eta konpontzen ikasteko aukera ematen ari zaie herritarrei, hondakinak bihur zitezkeen gauza horiei bizi berri bat eman ahal izateko eta ondorioz hondakin kopurua murrizteko. Jadanik, Irurtzunen, Izurdiagan eta Etxarrenen egin dira Kafe Konpondu ak eta laster Urdiainen eta Bakaikun izango da parada. Azaroaren 26an, Urdiainen frontoian, 17:30etatik 19:30etara eta Azaroaren 27an, Bakaikun, Udaletxeko goiko aretoan, ordutegi berean.

Bestalde, laster tamaina handiko hondakinak ongi bideratzeko komunikazio kanpaina martxan jarriko da. Aditzera eman nahi baita tamaina handiko hondakin hauek ezin direla kalean utzi. Badago Emauseko Trapuketarien atez ateko doaneko bilketa zerbitzua eskatzea 948 46 48 67 zenbakira deituz edota info@sakana-mank.eus helbidera idatziz, eta baita Sakanako Mankomunitatearen Garbigune Finkoen Sarea erabiltzea ere. Arbizuko zabortegian zegoen garbigune finkoaz gain Altsasun berriki Otai eremuan, hilerritik pixka bat aurrerago, beste garbigune finko bat ireki baita. Astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:30etara irekita daude biak.

Ildo beretik, eta berrerabilgarriak diren produktuen alde borroka eginaz, garbiguneetara  zerbait ekartzera etortzen den edonork paperezko poltsa berrerabilgarri a eta musuko berrerabilgarria jasotzeko aukera izango du. Utz diezaiogun erabilera bakarrekoak erabiltzeari zaborra murriztu nahi badugu.

Laster, Sakanako herrietako egoitza publikoetan (udaletxeak, liburutegiak, osasun zentroak, kultur etxeak, etab.) gehiegizko publizitatea jasotzea ekiditeko, PUBLIZITATERIK EZ-PUBLICIDA NO jartzen duen itsaskin batzuk eskuragai izanen dira, edonork bere posta-kutxan jar dezan, paperaren xahuketa honen aurka eginaz.

Programazio aberats honen barne ere, Sakanako Mankomunitatearen Hondakinen Zerbitzua, arropa trukeak herriz, herri, egiteko lanetan dabil. Arropa bilduko da eta trukean puntuak lortu. Pilatutako puntu horiekin ekarri dituzten beste arropa batzuk eskuratu ahal izango dira. Aurrerago aditzera emango dira arropa truke hauek noiz egingo diren.

Eta azkenik, eta garbiguneetan, bai finkoetan bai mugikorrean, jasotzen den pintura kopuru handiari berrerabilera bat eman nahian, hemendik aurrera ongi dagoen pintura gorde egingo da eta eskuragai izan Sakanako edozein zerbitzu publikok (ikastetxeek, udalek, etab) erabili ahal izateko.

Dena gutxi izango da zaborren murrizketaren aldeko borroka honetan.


<< atzera