“Manez eta kobreak” azaroaren 17an, 19.30ean Iortia kultur gunean

azaroa 9, 2018

Ipar Euskal Herriko ahots eta musikariekin gozatzeko aukera izango da Altsasun datorren azaroaren 17an, larunbatarekin. Urtero bezala, Berriak, Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak elkarlanean antolatu dute kultur emanaldi bat, oraingoan Ipar Euskal Herrian sortutako musikari tokia emanez.

Manez eta Kobreak talde berria da eta aurten argitaratu du bere lehen diskoa (Manez eta Kobreak, Kalapita produkzioak, 2018). Manez Thierry Bizkariren izen artistikoa da, eta bera da taldearen arima. Hainbat taldetan (Bolbora, Hegalka, Kokin, Kalakan…) aritu ondoren bere kantuak aurkeztu ditu, Kobreak metalezko tresnen taldearekin grabatutako diskoan. Bere ahaide, auzokide, adiskide edo ezagun batzuen bizi parteak kontatzen ditu lan horretan. Lurrarekin eta komunitatearekin duen harremana aipatzen dute kantuek.

Musika estilo ezberdinak jorratu arren, Manez eta Kobreak taldeak Ipar Euskal Herriko musikaren esentziari eusten dio, ahots eta kantaera zoragarriak ardatz. Emanaldian, Fernando Maselli, Elena Asins eta José Ortiz Echagüeren lanen irudiak proiektatuko dira.

Kontzertu hau, Sakanako Berrialagunen ekimenez, Berriak eta Sakanako Mankomunitateak elkarlanean Altsasuko Udalaren laguntzarekin antolatutako zortzigarren kultur emanaldia izango da. Euskal kultura Sakanan zabaltzeko eta pizteko ahalegina da. Ekimen honi esker, Ruper Ordorikaren kontzertua, Gariren kontzertua, Tanttakaren Zazpi aldiz elur ikuskizuna, Anariren kontzertua, Sakanako hotsak kontzertua eta Tarteanen Ez Dok Hiru antzezlana eskaini dira Sakanan azken urteotan.

Sarrerak

Sarreren salmenta Iortia kultur etxean bertan edo Internet bidez (www.iortiakultura.com webgunean) egingo da (irailaren 1etik aurrera): aurretik 10 € (urriaren 20ra arte) eta egunean bertan 12 € (urriaren 21ean).

Berrialagunek 2 euroko deskontua izanen dute. Erosketa aldez aurretik egin nahi badute, sarrerak Berrian eskatu beharko dituzte urriaren 17a baino lehen eta kontzertuaren egunean Iortiako txarteldegian jaso. Berriak haien kontutik kobratuko die. Egunean bertan erosten badute Berrialagun-txartela erakutsi beharko dute txarteldegian deskontua egin ahal izateko (Berrialagun bakoitzak bi sarrera erosi ahal izanen ditu gehienez ere deskontua aplikatuta).

Sarreren salneurria:

Egunean 12 € (Berrialagunak 10 €)

Aurretik 10 € (Berrialagunak 8 €)

Sarreretatik jasotako dirua Berria fundazioarendako izanen da

Antolatzaileak:

Sakanako Mankomunitatea eta Berria

Laguntzailea:

Altsasuko Udala


<< atzera