SAKANA GUZTION ARTEAN | Ildo estrategikoak

maiatza 22, 2020

SAKANA GUZTION ARTEAN

2020-2025 SAKANAKO MANKOMUNITATEKO PLAN ESTRATEGIKOA

2018ko bukaeran, Mankomunitateak, sakandarren ongizatea helburu, Sakanako etorkizunaz eta beharretaz hitz egiteko erronka jarri zuen martxan, 2020-2025 epealdirako “Guztion Artean” Plan Estrategikoa zehazteko.

Proiektu honen bidez ondorengoa zaindu da: eskualdearen identitatearen eraikuntza eta ikuspegia indartzea, elkartasuna eta elkarlanerako bidea sendotzea eta interes taldeen parte hartzea eta inplikazioa indartzea. Horretarako bikaintasunaren ikuspegia lan egiteko moduan txertatu da. Sakanako Mankomunitateko Plan Estrategikoak, aipatutako guztian sakondu eta jauzi kualitatiboa eman nahi du.

Horretarako, hainbat parte hartze saio gauzatu dira Mankomunitateko langileekin, udal ordezkariekin, eragileekin eta herritarrekin, EMUN aholkularitzak dinamizatu dituenak. Hauetan, bailarako izaera berritzailea, eraikitzailea eta parte hartzailea geratu da agerian.

Guztion etxea den Sakanako Makomunitatearen historia mapa osatu ondoren, bailarako eta Mankomunitateko diagnostikoak gauzatu dira eta aukera, mehatxu, indargune eta ahulguneak identifikatu dira. Helburu komun batzuk adostu dira eta horiek lortzeko, gobernantza irekia eta elkar lana oinarritzat hartu dira.

Hauek abiapuntu, Sakanako Mankomunitateko misio, bisio, eta balioak zehaztu dira, 6 ildo estrategikoen bidez garatuak. Lehenbiziko lauek eskualde mailako esku-hartzeari begirakoak dira, eta azken biek Mankomunitatearen gestio eta Gobernantza ereduari eragiten diote:

1.- Sakanan bizi, ikasi eta lan egin.

2.- Diskriminazio sozialik gabeko Sakana.

3.- Bere hizkuntza, kultura eta identitatea zaintzen eta garatzen dituen Sakana.

4.- Ingurumena eta ingurunea zaindu eta ustiaketa iraunkorra egiten duen Sakana.

5.- Gizarte erantzukizuna eta bikaintasuna.

6.- Sakandarren Mankomunitatea.

Ildo estrategiko hauek, gaien trataera integralarekin eta Mankomunitateko zerbitzuen arteko elkarlanarekin landuko dira. Zeharlerrotasuna izango da gaiak garatzeko erabiliko den prozesua.

Egun, Mankomunitatea Plan Estrategikoa zehazteko azken urratsak ari da ematen eta proiektu zehatz batzuk identifikatu dira. Hauetako bi proiektuetan, lantaldeak sortu dira. Alde batetik, telekomunikazioak landuko dituen lantaldea eta bestetik, etxebizitzaren arazoa landuko duena.

Aipatutako lantalde horien arduradunak, gaian interes berezia duten Mankomunitateko batzarkide bana izango dira: Gorka Ovejero, Arruazuko Alkatea, telekomunikazio lantaldean eta Oihana Olaberria, Arakilgo Alkatea,  etxebizitzaren arazoa landuko duen lantaldean.

Bi arlo hauetan, egon daitezkeen esperientziak ezagutu ondoren, Sakanako errealitatera egokitutako irtenbideak proposatu eta probatzen hastea litzateke lantalde hauen helburua.  Esperimentazio horretatik irakaspenak atera eta Sakanako udal eta eragileekin ezagutza hori partekatuz esperientziak erreplikatzea da asmoa.

Egun, egoera zail hauetan, Plan Estrategikoan zehaztutakoek oraindik eta garrantzi handiagoa hartzen dute, bereziki arlo sozialari dagozkionak: “Sakanan bizi, ikasi eta lan” edota “diskriminaziorik gabeko Sakana”.

Esan bezala, Sakanako Mankomunitatea, sakandar guztion Mankomunitatea izanik, eskualdeko beharrei erantzuteko tresna da, hausnarketa eta elkarlan esparrua. Horretarako lan egiteko modu ireki eta partehartzailea da oinarria. Horren adibide, aipatutako arlo ezberdinetan jada, udal eta eragile ezberdinen artean abian jarritako koordinazio eta lantalde espezifiko diren telekomunikazio eta etxebizitza lantaldez gain, turismo eta komertzio mahaia ere abian dago. Hirugarren lantalde honen koordinazioa, Mankomunitatean parte den Garapen Agentziako langileek daramate.

Zihurgabetasunak eta egoera aldakorrak bizi ditugula kontuan izanda, aurrerantzean sor daitezkeen beharrei erantzuteko bestelako lantalde edo koordinazio esparruak ere sortuko dira, behar horien erantzuna aurreratzeko edota sortu daitezkeen aukerak aprobetxatzeko.


<< atzera