Adierazpen instituzionala, emakumeen nazioarteko egunaren karietara

martxoa 3, 2021

2021eko MARTXOAREN 8a

Krisi sanitario, sozial eta ekonomiko honek agerian utzi du pertsona eta bizitza guztiak
balioetsiko dituen eredu ekonomiko eta sozial baten alde lan egiteko beharra. Horixe
da ekonomia feministaren zutabeetako bat. Abiapuntua, jasangarritasunarekin zerikusi
gutxi duten gizarte- eta ingurumen-mailako ondorio ugari sortzen dituen eredu
ekonomikoari alternatibak eskaintzeko. Garapen ekonomikoak garapen soziala eta
ingurumen-oreka behar dituelako.

Azken urte honetan, pandemiak eragindako egoerak are ageriago utzi du gizakion
zaurgarritasuna. Zaintza-lanen krisi honek dagokien balioa emateko beharra erakusten
du, den-denok zaintzeko eta zainduak izateko beharra dugulako gure bizitzetan zehar.
Horrez gain, ingurunea zaintzea beharrezkoa da bizigarria eta osasungarria izan dadin,
ekodependenteak eta interdependenteak baikara.

Horregatik, zaintza-lanek bizitzaren biziraupenerako duten garrantzia aitortzen badugu,
zaintzeko betebeharra aitortuko dugu, eta horrekin batera, honek dakarren lana
banatzeko beharra zaintza-lanak modu justuan eta erantzunkidean gara daitezen. Hala
ere, zaintza-lanekin lotutako lanak eta enpleguak emakumeen esku egon izan dira
historikoki, eta hala jarraitzen dute, ikusezin eta gutxietsiak. Emakumeendako lan
handia dakar horrek, lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak, kasu askotan irabazi
ekonomikorik gabe. Horregatik hitz egiten da “pobreziaren feminizazioa” kontzeptuaz,
emakumeek askoz gutxiago daukatelako ekonomikoki eta zaintza-lanak haien gain
hartzeak ondorioak dituelako emakumeen bizi-proiektuetan (lan-prekarietatea,
mendekotasun ekonomikoa, pentsio txikiagoak, inpaktu emozionala…).

Errealitate horren aurrean, Toki-erakundeek politikak garatu dituzte egoera hori
aldatzeko. Hasiera batean, bateragarritasunerako neurri eta baliabideekin, Toki Itunen
programaren bidez, eta, gaur egun, planteamendu berriak txertatuz zaintza-lanak
ikusarazteko eta erantzunkidetasuna sustatzeko, horiek baitira emakume eta gizonen
arteko berdintasunean aurrera egiteko funtsezko ardatzak.

Zaintzarik gabe ez dago bizitzarik, eta bizitzarik gabe ezin da garapenik egon. Zentzu
horretan beharrezkoa da planteamendu horiei guztiei balioa ematea eta txertatzea
garapen ekonomiko eta sozialari lotutako etorkizuneko politikak diseinatzeaz
arduratzen diren agenda publikoetan.

Horregatik guztiagatik, toki-erakunde garen aldetik, HONAKO KONPROMISO HAUEK
adierazi nahi ditugu:

 Bizitzaren jasangarritasuna politika publikoen erdigunean jartzea, eta
lehentasunezko lan-ildo gisa sartzea Udaleko agenda politikoan eta tokiko
garapena sustatzen duten ekintzen diseinuan.
 Ikusaraztea eta balioestea bizitzaren jasangarritasuna ahalbidetzen duten
eta nagusiki emakumeek egiten dituzten zaintza-lanak.
 Herritarrak sentsibilizatzea banaketa justua eta bidezkoa lortzeko, familietan
zaintza-lanen erantzunkidetasuna sustatuz.
 Aitortzea mugimendu feministak arlo honetan egindako ekarpenak eta lana.

Martxoak 8, emakumeen nazioarteko egunaren inguruan antolatutako egitaraua


<< atzera