Altsasuko Iñigo Aritza Ikastola bisitatu du Euskaltzaindiak

iraila 28, 2018

Urriaren 21ean Nafarroa Oinez antolatuko duen ikastolan izan dira

Euskaltzaindiak, gaur ere, ohiturari eutsiz, Nafarroa Oinez ospatuko duen ikastola bisitatu du. Ikastolako eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariez gain, euskal akademiaren zuzendaritzako kideek zain zituzten Iñigo Aritza ikastola osatzen duten lau herrietako ordezkariak. Altsasu, Urdiain, Ziordia eta Olaztiko alkateek zein Sakanako Mankomunitateko lehendakariak harrera egin diete.

Baina goiza ikasleen artean hasi da akademiako kideendako. Euskaltzainek Iñigo Aritza Ikastolako geletan ikasleekin egoteko aukera izan dute, baita haiek egin dituzten galderak erantzuteko beta ere. Haurrek euskal akademiaren inguruan dituzten zalantzak argitu ahal izan dituzte zuzenean euskaltzainei galdetuz.

Goizean izandako bisitaldian, gainera, haritz bat landatu dute. Haritzez inguraturik dagoen ikastolako jolastokian beste zuhaitz bat gehiago egongo da aurrerantzean, Euskaltzaindiaren mendeurrena gogoratuko duena. Ikastolak ere opari bat eman dio Akademiari, beste haritz bat, baina, kasu honetan, txikia: bonsai bat.

Altsasutik Olaztira joan dira euskaltzainak. Bertan, udalek egindako harrera ekitaldian, Sakanako toki-entitateetako ordezkariek Miren Ustarrozen artelan bat oparitu diote akademiari: jentil-harri bat, Aralarren dagon Hartzabalen gisakoa. Ondoren, hileroko batzarra egin dute bertan. Bukatutakoan, Urdiainen izanen dute otordua eta, azkenik, Sakanako herri horretan dagoen errota zaharra bisitatuko dute.

Bisitaren bideoa


<< atzera