Disfruta en el euskaltegi, gozatu euskara!

September 21, 2017

Nafarroako Gobernuak eta 32 toki entitatek, euskaltegiekin elkarlanean, helduek euskara ikas dezaten bultzatzeko kanpaina bateratua aurkeztu dute. Toki entitate horien artean dago Sakanako Mankomunitatea.

“Disfruta en el euskaltegi, gozatu euskara” goiburuarekin, irailean euskaltegietan izena ematera bultzatzen da kanpaina honetan.
Aurten bada berritasun bat: kanpaina denek batera egin dute, lehen aldia baita sektoreko eragile guztiek erakunde publikoekin elkarlanean parte hartzen dutena. Kanpaina elkarrekin diseinatu dute foru gobernuak eta euskara zerbitzua duten udal entitateek.
Kanpainaren helburua da Nafarroako helduak animatzea euskara ikasten has daitezen edo ikasten segi dezaten, irailean irekitzen den matrikulaldia aprobetxatuz. Eta, gehienbat, bi alderdi azpimarratu nahi dira: batetik, euskarak kulturaz eta harreman sozial eta laboralen esparru osoaz gozatzeko ematen dituen aukerak, eta, bestetik, euskaltegiak eta ingurune sozial euskaldunak pertsonari ikaskuntza arrakastaz bukatzeko ematen dion laguntza.
Kanpaina hau bultzatzen dugun erakunde eta entitateek herritarrak animatzen ditugu euskara ikasten ari direnen multzoan sartzera. Lehen aldiz sartzen denak bide zirraragarria izanen du aitzinean eta ibilbide hori erdizka egin duenak, berriz, laster gabe komunikazio-bide praktiko eta etorkizunez betea izanen du.

Bizipenak
2017-2018 ikasturtean euskaltegietan eta euskara ikastegietan izena emateko “Disfruta en el euskaltegi, gozatu euskara” goiburua aukeratu da. Euskaltegian euskara ikasi duten eta euskara beren biziko askotariko esparruetan, hots, familian, gizartean eta lanean, gaur egun erabiltzen duten bederatzi pertsonaren bizipenak bildu dira. Fertxu Izquierdo, idazlea, Joli Paskualena, Demode Quarteteko kantaria, Kati Leatxe, kultura aholkulari eta sustatzailea, Keiko Suzuki, japoniera irakaslea, Reyes Ilincheta, Euskalerria Irratiko kazetaria, Iñaki Errea, EiTBko kazetaria, Patxi Irurzun, idazlea, Mari Paz Arizkun, Iruñeko Orfeoiko irakasle eta zuzendariordea eta Marino Goñi, musika ekoizlea. Bederatzi lagun horiek bideo batean kontatzen dute euskara nola ikasi zuten eta euskarak zer ekarri dien beren bizietara.
Bideo hau ikus daiteke www.euskaraikasi.nafarroa.eus y www.aprendeeuskera.navarra.es webguneetan. Gainera, euskara zein ikastegi eta herritan ikasten ahal den esaten da, baita ikastaroetan parte hartzeko udalek zer laguntza ematen duten ere.

Euskaltegiak
Nafarroan hogeita hamar euskaltegi baino gehiago daude, urtetan metatutako esperientzia zabala eta askotariko metodologia dutenak. Halaber, asko dira modalitate eta klase-erritmo presentzialak nola autoikaskuntza programak, helduen beharrei eta ikasteko duten denborei malgutasunez egokituak.
Sakanatik atera gabe, euskara ikasteko aukera eskaintzen du AEK-ren Itsasi euskaltegiak. Sakanako zenbait herritan sortzen dira taldeak. Informazio gehiago: 948 468 258 telefonoan edo sakana@aek.eus helbidean.

Euskara ikasteko diru-laguntzak
Sakanako Mankomunitateak euskara ikasleendako diru-laguntzak ematen ditu. Bi baldintza nagusi bete behar dira: Sakanako udalerri batean erroldatuta egotea eta % gutxienez 80ko asistentzia ziurtatzea. Diru-laguntza matrikularen % 50 ingurukoa izaten da. Diru-laguntza-eskaerak ikasturte bukaeran aurkeztu behar dira, ekainetik uztailera.

BANNER INFO-1

BANNER INFO-2

Sare sozialetara gehitu

<< atzera