Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

ERA.EUS plataformak familientzako JOLASEAN BLAI mahai-joko digitala argitaratu du

ERA.EUS euskaraz ikasten duten 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako plataforma da, Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuk elkarlanean sortutakoa. Bertan haurrak euskaraz hazi eta hezteko ahaleginean ari diren gurasoei hainbat gomendio eta laguntza ematen zaizkie.

Ildo horretan, ERA.EUS gurasoen eskura jartzen du online dagoen material ugaria. Horretarako proposamenak bildu eta sailkatu dira, familiendako txukun, eroso eta erabilgarri aurkezturik. Helburu horretan urrats berri bat eginez, JOLASEAN BLAI (https://eranafarroa.eus/jolaseanblai/) mahai-joko birtuala argitaratu berri da. Honakoa onlineko kultur proposamenen hautaketa bat da, oporretarako dinamika bat proposatzen duena: Altxorraren uhartean barrena ibilbide bat egitea. Haurrak bakarrik zein gurasoekin batera aritu daitezke.

Koronabirusak eragindako larrialdiaren ondorioz, ERAk ekimena hartu zuen gurasoei egunero eskaintza ezberdin, kalitatezko, eta erakargarri bat egiteko. Hala, 2020ko martxoaren 18tik maiatzaren 31ra, egunero etxean gozatzeko kultur proposamen bana hautatu zen kulturgileek online eskuragarri jarri duten horietatik: literatura, musika, jolasak, ikus-entzunezkoak, aplikazioak… Jolasean Blai egindako
bilketa-lanaren ondorioz sortu da, honela kalitatezko kultur proposamen hauek modu erakargarri batean aurkezten zaizkio familiari.

Dinamika: Egunero, edo bi egunean behin, edo egoki ikusten denean, laukitxo bat aurrera egin behar da. Horietako bakoitzean kultur proposamen bat edo bi dago. Iraupena da bien arteko aldea, proposamen motzak eta luzeak baitaude. Gurasoari proposatzen zaio, beraz, haurrarekin gozatzeko
bideo-ipuinak, emanaldiak (zinema, antzerkia, musikalak…), bideoklipak, App-ak… edo sorpresa kutxa ireki daiteke! Nork daki zer topatuko duten bertan! Bestalde, PDF-a zuribeltzean ere deskarga daiteke eta inprimatu: Egongelan edo sukaldeko mahaian jolastu ahal izateko, ibilbidea koloreztatzeko…

Azkenik, ERA.EUSek nabarmendu nahi du kultur sortzaileen lana. Haien lanari esker familiek aukera aparta dute seme-alaben gozamena etxean euskaraz elikatzeko. Haiek gabe ez zatekeen posible izanen.