HARI IZPIA HARTZEN EUSKAL KULTURAREN ERRONKAK NAFARROAN

azaroa 15, 2019

KULTURA JARDUNALDIA

Data: 2020ko urtarrilaren 24an, ostiralarekin.

Tokia: Kondestable jauregia (Iruñea).

Hainbat kezkek ekarri gaituzte jardunaldi hau antolatzera:

  • Arduratuak gaude euskal kulturaren kontsumoarekin. Izan ere, euskaldun gehienek ez dute euskarazko kultura kontsumitzen. Gero eta gehiago dira euskaldunak, baina errazago moldatzen dira erdaraz, eta horrek eragin zuzen du bere kultur kontsumoan. Eta erraztasunarekin batera, ohituraren gaia ere badago.
  • Euskal kulturaren transmisioan etena gertatu dela nabaria da. Gero eta haur gehiagok euskara ikasten dute eskolaren bidez, baina horrek ez du ekarri euskaldun izan daitezen. Euskarazko kultura ez bada transmititzen, euskalduntzea ez da erabatekoa izango. Euskara biziko da baldin eta kultur komunitatea eta hiztun komunitatea trinkotzen badira, ez jendeak euskara jakite hutsagatik.
  • Eskaintzari dagokionez, euskal kultur sorkuntza eta produkzioa aberatsak dira gaur egun, baina, maizegi, ez dira iristen herritarrengana. Euskaraz egiten den kultura badenik ere ez daki jende askok, eta dakienak ere askotan bigarren mailakotzat ikusten du. Programatzen dena koordinatzea eta
  • gizarteratzea ezinbestekoa da jende gehiagorengana iritsi ahal izateko.
  • Hezkuntza arautuan baliabideak falta dira, eta literaturaz besteko kultur sorkuntza guztiak hedatzeko premia dago. Hizkuntzaren irakaskuntzarako material asko dago, baina ez euskal kultura zehar-lerro gisa landuko duena.
  • Iraultza kultural baten erdian gaude, mundu osoan gertatzen ari dena. Orain arte sozializaziorako bide nagusiak familia, eskola, lagunartea eta komunikabideak izan badira, egungoak Google, Amazon, Facebook, Twitter Instagram eta abar dira. Eta aldaketaren abiada ikaragarria da.
  • Ez dago, erakundeen eta kultur eragileen arteko lan bateraturik, ez eta epe luzerako politikarik adosturik. Euskal kultura ez da agenda politikoan garrantzia duen gai bat. Areago, kultur eragileak dirulaguntzen oso menpekoak dira.

Kezka hauetatik abiatuta, jardunaldiaren xedea da eragile guztien artean —teknikariak, sortzaileak, politikariak…—  gogoeta bateratu bat egitea nondik jo jakiteko. Denen artean osatuko dugun diagnostikotik aurrera begirako lan ildoak zehaztu nahi ditugu, etorkizuneko lankidetza artikulatzeko, euskarazko kultur ekoizpenak ikusgarri egiteko, transmisioa bermatzeko, kontsumo–joeren norabidea aldatzeko, kulturak duen funtzio linguistikoa aldarrikatzeko eta, funtsean, elkarren osagarri izenen diren hizkuntz politika eta kultur politika eraginkorrak abiatzeko.

Egitaraua:

9:15-10:15

Hitzaldia: Euskal kulturaren kontsumoa

Josu Amezaga (EHU)

Aurkezlea: Tere Iribarren (Nafarroako Euskara teknikarien Sarea)

Josu Amezagak euskarazko kulturaren kontsumoa ulertzeko garrantzitsuak diren datuak eta analisiak eskainiko dizkigu. Izan ere, errealitatea ulertzea da lehendabiziko urratsa bera aldatu ahal izateko.

 Euskal Herrian, hizkuntza eta kulturi dagokionez, une kritiko batean gaudela dio Amezagak. Izan ere, ezagutzan lorpen handiak egin arren, erabileran hutsuneak daudela pentsatzen du. Horiek horrela, euskaldun batzuk gero eta gehiago kontsumitzen dute euskaraz; baina euskaraz kontsumitzen duten euskaldunen kopurua ez da maila berean igo. Euskal komunitatea trinkotu egin da, baina ez zabaldu. Beraz, komunitatea handitu behar dela dio Amezagak. Eta, alde horretatik komunitateko erdigune trinko horri begira bakarrik sortzen dugu kultura; baina badago bestelako publiko bat trinkotasun horretatik at. Hor dago publiko berriak eskuratzeko gakoa, bere esanetan. Amezagaren iritziz kultur plan sendoa behar da, oraindik euskaraz gutxi edo batere sozializatu gabe daudenak —eta egongo direnak— euskarazko kontsumora erakartzeko.

10:15-12:00

Gogoeta gidatua: Euskal kulturaren erronkak Nafarroan: transmisioa, sormena, eskaintza…

Gidaria: Jon Abril (Elhuyar aholkularitza)

Elhuyar Aholkularitzak gogoeta gidatu bat bideratuko du bertaratutako kideekin. Ariketaren bidez euskal kultur sormenak eta produkzioak euskararen normalizazioan, eta alderantziz, euskararen normalizaziotik euskal kulturaren sormenean eragiteko zer eta nola egin behar den hausnartuko dugu. Herritarrengana modu eragikorrean eragiteko moduez jardungo gara, transmisioaz, eskaintzaz,

ikusgarritasuna eta prestigioa irabazteko estrategiez, eta hori guztia artikulatzeko moduez, elkarrekin nola lan egingo dugun zehazteko. Asmoa da ariketa honen bidez aurrera begirako lan-lerro batzuk zehaztea.

12:30-13:00

Hitzaldia: Gazteak, bertsoa, transmisioa eta nortasuna

Miren Artetxe (EHU)

Aurkezlea: Irati Majuelo (Bertsolaria)

Azken urteotan euskararen erabileraren auzia ezagutzarekiko kezkatik erabilerarekiko kezkara pasatu da. Eta bereziki haur eta gazteengan jarria dugu begirada: euskaraz badakite, baina, ez dute erabiltzen. Eta pausatu ohi den galdera honakoa da: zergatik ez dute hitz egiten gazteek euskaraz? Kontua da, beharbada emaitza interesgarriagoak aurki daitezkeela galdera beste zentzuan pausatuz, hots: zergatik hitz egiten dute gazteek euskaraz? Zein da euskarak gazteei egiten dien ekarpena? Nora irits daitezke euskararen bidez? Norengana? Nor izan daitezke euskaraz?

Bertso-eskoletan, bertsotan aritzeko biltzen dira gazteak, besteak beste. Baina, jarduera honen aitzakian, eta elkarrekiko identifikazioaren bidez, gazteek haien gazte- eta hizkuntza-identitateak ere garatzen dituzte bertan. Ipar Euskal Herrian eginiko ikerketa etnografiko baten harira, euskararen erabileraren, gazte identitatearen eta bertsolaritzaren artean dagoen elkarreragina azaltzen saiatuko da Miren Artetxe.

13:00-14:00

Solasaldia: Euskal Herriko esperientziak

Aitor Elexpuru (Berako Kultur Batzordea)

Xabier Gantzarain (Azpeitiko Kultur Mahaia)

Gartzen Garaio (Aiaraldea Ekintzen Faktoria)

Gidaria: Eneritz Rekarte (Elhuyar aholkularitza)

 

Berako Kultur Batzordea

Kultura Batzordearen helburuetako bat da herri-

mugimendu guztia batzea. Bertan daude ordezkaturik herriko kultura-talde guztiak, ikastetxeak eta euskaltegia. Politikoei dagokienez, udaleko talde politiko bakoitzetik ordezkari bana joaten da, eta horietako bat da batzordeburua. Erakundeetatik nahi hainbertze pertsona joan daiteke batzordera. Gainerako herritarrek ere parte har dezakete.

Berako Kultu Batzordean herritarren parte-hartzea da ardatz nagusia. Beraz, plangintza diseinatzekoan herriko taldeen zein artisten sormenak du lehentasuna kontsumo-kulturaren gainetik, hau da, herritarrak aktiboak izatea bilatzen da, zuzenean parte-har dezaten, ikusle edo entzule soilak izatetik harago, eta eskaintza hori ikuskariekin orekatzen da.

 Azpeitiko Kultur Mahaia

2006an sortu zen Azpeitiko Kul­tur Mahaia. Herriko kultur talde guztiek, udal talde guztiek, udal eta Kultur Mahaiko kultur teknikariek, norba­nako batzuek eta mahaiaren beraren Kulturaz Kooperatibako elkarteko langileek osatzen dute. Kultur Mahaiak Kulturzale kultur el­kartea sortu zuen 2009ko martxoan, tresna juridikoa izate­ko diru laguntza publikoak eskatzeko, kontratazioetarako eta abar. Operatiboagoa izateko, Kultur Mahaiak Talde Eragilea du eta babes soziala ere izateko, baz­kideak ditu, Kulturzale elkarte juridikokoak. Kultur Mahaiak kudeatzen ditu Azpeitiko bi kultur eraikin handienak: Sanagustin kulturgunea eta Soreasu antzokia, Kulturaz Kooperatiba elkartearen bidez.

 

Kultur Mahaiak kudeatzen duen beste gune bat Dinamo sormen gunea da. Soreasu eraikinean kokatu da, eremuka antolatuta: arte eszenikoak, hitza, irudia eta soinua. Dinamoaren xedea da sormena sustatzea eta babestea, sortzaileen komunitatea indartuz, formazioa eta lanerako tokia eskainiz, diziplinen arteko nahasketa eta elkarlana sustatuz eta transmisioa bultzatuz.

Aiaraldea Ekintzen Faktoria

Aiaraldea Ekintzen Faktoria, eskualdeko euskararen komunitatea ahaldundu eta boteretzeko ekosistema oso bat osatzeko langintzan ari dira. Horiek horrela, norbanakoen zein kolektibitateen bizitzako esparru guztietan euskaraz egituratuko diren alternatibak sortu eta indartzera bideratu da proiektua. Ekonomiaren, hezkuntzaren, elikaduraren, kulturaren, identitate komunitarioaren, feminismoaren eta, nola ez, komunikazioaren esparruan euskaldunei euskaraz eta balio eraldatzaileen arabera bizitzeko aukera eskainiko dieten proiektuak egituratzeko apustua egin du.

Gogoeta horren oinarrian dagoena da, euskarari, kultur eta identitatearen esparrutik harago, eraldaketa balio bat emateko premia; hizkuntzak bizitza eta jendarte eredu berri bat ekarri behar duela gure artera. Zentzu horretan bazterrekoak diren borroka esparru periferikoak erdigunera ekarri nahi dira horiek indartuz, eta hizkuntza bihurtu horiek guztiak lotzeko eta kohesionatzeko haria.

Antolatzaileak: Nafarroako Euskara Teknikarien Sarea, Elkar fundazioa, Karrikiri.

 Izen-ematea: Jardunaldia irekia izango bada ere, aldez aurretik izena ematea eskertuko da urtarrilaren 17a baino lehen euskara@sakana-mank.eus helbidera idatziz.


<< atzera