Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Irakurri, gozatu eta oparituren 10. edizioa

Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren hamargarren edizioa abian jarriko da apirilaren 1ean. Euskaltzaleen Topaguneak antolatu eta Sakanako Mankomunitatearen babesa jasotzen duen egitasmoan Altsasuko, Arbizuko, Irurtzungo, Etxarri Aranazko, Lakuntzako, Olaztiko, Urdiaingo eta Ziordiko liburutegiek parte hartzen dute.
Apirilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean iraungo du irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honek. Ekimenak herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen erabilera sustatuz.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira bertan parte hartzeko:

1. Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da. Horretarako, herriko liburutegira joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango duzu.
2. Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira bueltatu, eta fitxa bat bete beharko duzu. Fitxa hori beteta, liburutegiko arduradunak erosketa-txekea emango dizu, Sakanako honako liburu denda hauetan erabiltzeko: Arkatz, Kaxeta, Liburunda eta Martxueta.
3. Opari egin. Azken pausoa, liburua opari egitea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen erosketan %35eko beherapena izango duzu. Erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 11 artekoa izango da.

Egitasmoak honako argitaletxeen laguntza izaten du: Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.
Aurreko bederatzi edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburu maileguan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat da euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa da.

Esku orria 2016